GARA > Idatzia > > Kultura

Asteburu goizaldeko dantzalekuari sarrera jarri dio Kafe Antzokiak

Laurehun eta hogei laguneko edukiera zehatz bete beharrak bultzatuta, ostiral eta larunbat goizaldetan bost euroko sarrera, zurruta barne, kobratzea erabaki berri du Bilboko Kafe Antzokiak.

A. BILBAO | BILBO

Hilabetez giltzarrapoarekin itxita egon ostean, iragan otsailaren 9an berriro ere parez pare zabaldu zituen ateak Bilboko Kafe Antzokiak. Irekierarekin pozik baziren ere, kezka agertu zuten orduan aretoko arduradunek, Udalak ezarritako 420 laguneko aforoa zehatz-mehatz zaindu beharrak bertako kultur jarduera batzuk kolokan jartzen dituela-eta, edukieraren afera konpondu bitartean.

Edukiera handitzeko aukera oraingoz ukatu egiten du Udalak, udal ordenantza batean oinarrituta; Kafe Antzokikoek, aldiz, aretoak 850 lagun inguru erraz jaso ditzakeela diote. Beraz, arazoak bere horretan eta berehalako konponbiderik gabe jarraitzen duela ere argi eta garbi utzi nahi izan zuten irekierarekin bat egindako agerpen publikoan. Segurtasun neurriak zaintzeko beharrari erantzunda, eta hauek hobetzeko helburuarekin, aretoaren atzealdean irteera berria irekitzeko erabaki irmo dutela ere azaldu zuten, ordenantzaren debekuak debeku.

Kontua da zigorrak kolpe latza eta galera ekonomiko ugari eragin diola Kafe Antzokiari. Bertako arduradunak, beren kultur jardueren eskaintza zabala orain arte bezala aurrera eramateko dantzalekua diru-sarrera behar-beharrezkoa denez, ezohiko erabakiak hartzera behartuta daude, betiere, Udalarekin duten afera honetan kaltetuena betiko bezeroa dela onartuta.

Hein horretan, aurrerantzean, asteburu goizaldetan -ostiral eta larunbatetan eta kontzerturik balego, betiere, hauen ostean-, sarrera kobratzea erabaki du Kafe Antzokiak, beren ibilbideko hamahiru urteetan sekula sarrerarik kobratu ez arren, eta hemendik aurrera ere horrela jarraitzea nahiago izango luketen arren.

Bihartik aurrera, beraz, ostiral eta larunbatetan dantzalekura sartzeko bost euro ordaindu beharko dira. Sarrera txartelarekin zurrut bat ordainduta geratuko da (pinta, kalimotxo...).

Bezeroa, kaltetuena

Aretoko arduradunek atzo esan zigutenez, «iragan larunbatean eta aurrenekoz, hamar euroko sarrera kobratu zen goizaldean, proba modura». Erabakiak ohiko bezeroen kalapita ekarri zuen, ulertzekoa denez. Izan ere, beste aretoetan ez bezala (goizaldean dantzaleku gehienetan kobratzen da sarrera), Kafe Antzokiak ateak zabal-zabal izan baititu beti edonorentzat.

Larunbateko probarekin haserre, behin-behinekoa izan zen arren, bezero talde batek facebook talde bat sortu zuen, kobratzearen erabakiarekin suminduta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo