GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Urteurren mingotsa Ekialdeko Europan

Nomenklaturaren kide gazte eta lotsagabeenak, urte gutxiren buruan «tovaritx» izatetik «oligarka» izatera pasatu zirenak, irabaztun zuzenenak izan ziren

Europar Batasunaren egutegiak seihileko honetan ematen dion protagonismoak haizaturik, Vaclav Klausek jaulkiko dituen ateraldiak entretenigarri izango ditugu erauntsiaren trumoiak hasi arte. Lehen ere eginak baititu hamaika halako. Eta berehala leher omen daitekeen ekaitz ekonomiko hori hasi ondoren, abaguneak merezi lukeen gogoeta egiteko ardura erabat zokoratuta geratuko dela ere apustu egingo nuke jadanik. Beraz, 1989 erabakigarri haren 20. urteurrena ezerezean geratuko da, hausnarketa serio eta sakon samarrari dagokionez behintzat, ia ziurki. Primum vivere deinde philosophari.

Hala eta guztiz ere, aukera bikaina litzateke. Gainera, etorkizun hurbileko bizimodurako iradokizun interesgarriak erator daitezke iraganari buruzko hausnarketa horretatik. Batez ere Ekialdeko Europan hasteko zorian den finantza porrotaren sustrairik sakonenean legokeelako ingelesez voucher privatization deitu zen huraxe, beste ezer baino gehiago. Hau da, eta Txekian behintzat arpilatze haren aita pontekoa izan zen Vaclav Klausen hizkeran esanda: kupónová privatizace, kupoi bitartezko pribatizazioa.

Ekialdeko Europako estatu ekonomia kolektibizatu eta planifikatuen hezurdura osatzen zuten enpresatzarrak pribatizatzeko erabili zen sistema «azkar» eta «zuhurra», alegia: haien balio teorikoa, modu xelebreenetan kalkulatu eta «kupoitan» zatituta jendartean banatzea... hala sakabanatutako «ondarea» jarraian, inflazioaren halabeharrez eta sare ekonomiko mafiosoen ahaleginaz, espekulatzaile bakan bezain ahaltsuen eskuetara etor zedin, oso-osorik, urte gutxiren buruan. Lehendanik nahiko zaharkituak egon zitezkeen enpresak, gehienetan, inbertsio eta berrikuntzarik jaso gabe, txatarra bihurtu eta lehiakide mendebaldarren eskuetan geratzen ziren bitartean. Eta hartarako sortutako finantza sistema edozein mafiaren lukurreria bulegoen pare-pareko bilakatzen zen artean. Deskolektibizazio derrigortua.

Beren diru-gehiegikeriengatik ospetsu egin diren errusiar oligarken kasua da ezagunena gure artean, nabarmenaren nabarmenez, prozesu haren funtsak irudikatzerakoan. Baina gauzak ez ziren askoz itxurosoagoak izan Txekian, Eslovakian, Polonian... Eta ia denetan eredu berberari jarraiki egin zen kupoi bitartezko pribatizazioa: sobietar garaiko ekonomia planifikatuaren epelean hazi eta hezitako ekonomialariak (Gaidar, Txubais, Klaus...) ziren gidariak; nomenklaturaren kide gazte eta lotsagabeenak, urte gutxiren buruan «tovaritx» izatetik «oligarka» izatera pasatu zirenak, irabaztun zuzenenak; eta denek, lehen kolektibismoan eta planifikazioan (omen) zuten fede mugagabea merkatu librean eta jabego pribatuan ipintzera pasatu (omen) ziren, amen batean. Galtzaileak, betikoak.

Pasadizo historiko horixe da, hain zuzen, erabat porrot egitear dagoena hogei urte betetzen dituen unean. Islandiar zorraren anabasa, deigarria bezain txikia, konponbidean jartzeko asko falta denean, Ekialdeko Europa sasiliberalizatu horretan estatu kiebrak bata bestearen ondoren etor daitezkeela adierazten zaigu ozenki. Bejondeiela!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo