GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Igone Lamarain EHEko kidea

Hauteskundeetan ere, eman lehentasuna euskarari!

Euskaltzaleok martxoaren 1ean euskarari lehentasuna ematearen alde egin behar dugu, eta orain arteko iruzurrarekin jarraitu nahi dutenak salatu behar ditugu, horiei inongo babesik erakutsi gabe

Hainbat mende atzera egin ahal izanez gero, euskaraz bizi zen herri batekin egingo genuke topo. Eta ordutik mendeetan aurrera egin ahal izanez gero, euskara bigarren mailara eraman duen eta momentuz etenik ez duen prozesua biziko genuke. Orain, XXI. mende hasieran, egoerari berriz ere buelta eman eta Euskal Herria berreuskalduntzeko helburua lortzeko ari gara lanean, argi izanik erroko aldaketak beharrezkoak izango direla.

Euskara Europako hizkuntzarik zaharrena izateaz gain, bertako berezko hizkuntza bakarra ere bada, mendeetan zehar Euskal Herriko (eta eremu zabalago bateko) bizi hizkuntza bakarra. Baina bizilagun ditugun bi indar inperialistek mendeotan aurrera daramaten herria asimilatzeko prozesu suntsitzailearen ondorioz, Euskal Herria zapalkuntza eta menpeko egoeran bizi da. Eta horien bi hizkuntzak euskararen herri osoan nagusi dira.

Baina euskararen herria zapalduta egoteaz gain, hiru eremu administratibotan zatituta ere badago, eta zatiketa honek ez du euskararentzat proiektu bakarra garatzeko aukerarik ematen. Gainera, bertan garatzen diren hizkuntza politikak ere menpekoak dira, eta euren oinarrian bi hizkuntzen nagusitasuna mantentzea dagoenez, euskaldunon hizkuntza eskubideen etengabeko urraketa eragiten dute.

Datozen egunotan zatiketa horretan oinarritutako hauteskundeak izango dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Kanpainan buru belarri murgilduta ditugu alderdiak, Jaurlaritzan azkeneko 30 urteetan elebitasunean oinarritutako menpeko hizkuntza politika garatu duena, kasu. PNV-EAJren esku dagoen Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hilabeteak pasa ditu XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak adosteko «Euskara 21» gogoetan murgilduta, eta orain, hauteskundeen atarian, horren ondorioak aurkeztu ditu, baina berrikuntzarik eta euskarak behar duen erroko aldaketarik ekarriko duen politikarik ez dela egongo ikusi dugu.

Eta politika horretan oinarrituta entzun dugu Ibarretxe lehendakaria (eta lehendakarigaia), hitzetatik ekintzetara pasatzeko deia egiten, gaztelania eta frantsesa ere euskaldunon hizkuntzak direla esaten eta helburua elebitasun eraginkorra lortzea dela azaltzen, azken hiru hamarkadetako iruzurrarekin jarraitzeko gogoa erakutsiz. Argi daukagu, aldiz, helburua euskaraz biziko den herria izan behar dela, eta horretarako euskarak bigarren maila batean egoteari utzi behar diola, lehentasuna emango dioten politika eraginkorrak garatuz.

Beste batzuek, ordea, egungo egoeraren aparteko irakurketa egiten dute. Alderdi Popularrak euskaldunok erdaldunen hizkuntza eskubideak urratzen ditugula dio, eta mezu hori zabaltzeko dituen baliabide guztiak erabiltzen ditu. Ahantzi zaio, ordea, mendeetan zehar ere eurek baliabide guztiak erabili dituztela euskara ezabatzeko eta euskararen herrian gaztelania nagusitzeko.

Hauteskundeek ematen duten aukera baliatuz, euskara «demokratizatu» behar dela zabaltzeko aprobetxatu dutenak ere badira. Bizikidetza bermatzeko zein erdararen nagusitasuna mantentzeko, euskaldunok zapalduak izaten jarraitzeko bideak planteatu baino ez du egin PSE-EEk.

Badirudi oraingo hauteskundeetan ere egungo menpeko egoera eta erdararen nagusitasuna mantentzearen alde egingo dutela gehienek. Baina euskaraz biziko den herria berreraikitzea helburu dugunok benetako aldaketaren alde egin behar dugu. Hortaz, euskaltzaleok martxoaren 1ean euskarari lehentasuna ematearen alde egin behar dugu, eta orain arteko iruzurrarekin jarraitu nahi dutenak salatu egin behar ditugu, eurei inongo babesik erakutsi gabe.

Euskal Herri euskalduna berreraikitzeko aldarrikatzen dugun aldaketa hau zertan oinarritzen den argi izan behar dugu, ordea. Euskal Herrian diren bi erdaren nagusitasuna gainditzea ezinbestekoa da berriz ere euskaraz bizi ahal izateko. Euskararen menpeko izaera gainditzeko bideari ekiteko oinarriak jarri behar ditugu gaurdanik, eta oinarrizko urratsa euskarari lehentasuna ematean datza. Guztiok, eta esparru guztietan, euskarari lehentasuna eman behar diogu ezinbestez.

Hala ere, egungo egoera errotik aldatu behar dugu herri gisa eraikuntzan urratsak emanez. Euskararen herria berreraikitzeko tresnak eta baliabideak eskuratu behar ditugu hizkuntzak behar duen prozesua garatu ahal izateko, eta hori soilik Euskal Herriak bizi duen zapalkuntza eta zatiketa gaindituz lortuko dugu. Hortaz, euskaldunok kanpoko esku hartzerik gabeko hizkuntza politika burujabea garatzeko eskubidea behar dugu.

Hori guztia dela-eta behar du burujabetza Euskal Herriak. Egun herri honen eraikuntza lanean eta herri honen eskubideen alde ari garenok indarrak batu eta bide honi ekin behar diogu halabeharrez. Euskara delako gure identitate zeinu nagusia eta euskararik gabe Euskal Herririk irudikatzerik ez dugulako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo