KRONIKA PSE-ko hautagaiekin Santurtzin
Irudia eta hurbiltasuna saltzeko galderak, telesaio formatuan
Gizarte arloan dituzten proposamenak ezagutarazteko telebista programa baten formatua kopiatu du PSEk. Ondo neurtutako entzuleen galderak baliatzen dituzte mezuarekin batera, irudia eta hurbiltasuna salduz.
Manex ALTUNA
Hauteskunde garaiak heltzen direnean politikariak saiatzen dira herritarrengana hurbiltzeko bide berriak aurkitzen. Betiko moldeak jarraitzen dituzten mitinak zaharkituta geratu omen dira eta gaur egun telebistako plato bat ematen dute alderdien ekitaldi gehienek.
Irudiaren garrantziaz jabetuta, jendearenganako hurbiltasuna saldu beharra izaten dute alderdi politikoek bozak pilatzeko, eta PSEk telebista programa baten formatua kopiatu du.
TVE1 katean ospetsu egin den «Tengo una pregunta para usted» programaren formatua, hain zuzen, ari da erabiltzen bere hauteskunde programa azaltzeko. Bilboko Ezkerraldeko hainbat herritan antolatu ditu antzeko ekimenak eta atzo Santurtziri egokitu zitzaion txanda.
Rodolfo Ares eta Jose Antonio Pastorrek hartu zuten PSEren egitasmoak ezagutarazteko erantzukizuna. Haiekin batera, Santurtziko zinegotzia den Miriam Fradek egin zituen aurkezle lanak. Ez zieten, ordea, Zapaterori gertatu zitzaion bezala, kafearen prezioaren gainean galdetu, eta ez zioten Carod Rovirak bere izena zela-eta izandako moduko eztabaida bati aurre egin behar izan.
Gizarte gaien gaineko galderak erantzun zituzten PSEko ordezkariek. Hala ere, aldez aurretik prestaturik zegoela, edo behintzat kontrolpean, argi geratu zen, tokia eta ekitaldiaren diseinua ikusita. 50 bat entzulerentzako prestatutako karpa txiki batean egin zuten ekitaldia, ertzainez eta bizkartzainez inguraturik.
Eserita zeuden gehienek, gainera, Patxi Lopezen aldeko pin-ak zeramatzaten soinean. Lehen lerroan ikus zitezkeen ere Eduardo Madina, PSOEko diputatua Kongresu espainolean, eta Tontxu Rodriguez, Barakaldoko alkatea.
EAJren aurka
Galderetan ez zen inolako kritikarik egon, ezta PSEko ordezkariak urduri jartzeko moduko besterik ere. Erantzunik gabe utzi zuten galdera bakarra, metroa Santurtzira noiz helduko den; eta EAJri egotzi zioten atzerapen horren erantzukizuna.
Ekitaldi osoa ildo horretatik joan zen. Ares eta Pastorrek gidoia ondo ikasita zeukatela erakutsi zuten eta Ibarretxeren «obsesio abertzalearen» aurrean, Patxi Lopez kaleko jendearen arazoez kezkatzen den irudia saldu zuten. EBri egur pixka bat ere eman zioten, alde horretatik boz batzuk jasotzeko.
Gizarte gaiak omen dira kaleko jende arrunta arduratzen duten arazoak PSEren iritziz. Hala ere, ekitaldiaren hasiera zerrenden ilegalizazioaren gainean iritzia emateko baliatu zuten. Pastorrek Ibarretxeri egotzi zion «kalkulu elektoralak» egitea, eta «abertzale erradikalen» bozak lortu nahi dituela esan zuen. Ez dela inongo ideiarik ilegalizatzen azpimarratu zuen, baizik eta «indarkeriaren aldekoak ezkutatzen diren zerrendak».
Mezua ondo zentratu ondoren hasi ziren entzuleak galderak egiten. Hezkuntza, garraio sistema, krisi ekonomikoa, Osakidetza, emakumeen kontrako indarkeria edo etxebizitzaren arloetan dituzten egitasmoak azaltzeko eskatu zieten. PSEko ordezkariek Zapateroren Gobernuak arlo sozialean hartutako neurriak jarri zituzten eredu gisa, baita PSEk Lakuako Gobernuko kide zenean arlo horietan hartu zituenak ere.
Amnesia pixka bategatik edo oharkabean pasarazi nahiko zuten, hainbeste kritikatzen duten EAJren kide zirela garai hartan, eta azken urteetan Madrilgo eta Gasteizko aurrekontuak bi alderdion artean adostu dituztela.