GARA > Idatzia > > Kultura

Eliseo Gilen kontrako salaketak froga ditzaten eta Iruña-Veleian aurkitutako ostrakak berriro datatu ditzaten eskatu dute

GARA | DONOSTIA

Iruña-Veleiako aferaren inguruan dozenaka ahots kritikok Eliseo Gil zuzendari ohiaren eta bere taldearen jarduna zalantzan jarri dute azken hilabeteetan. Iruña Oka Argitzeko Koordinakundeak, ostera, kasu horretako ustezko faltsutzeak aztertzeko nahikoa esfortzu egin ez izana salatu zuen astelehenean Koldo Mitxelena kultur gunean eskainitako hitzaldian. Zehazki, 2008ko ekainean Joaquin Gorrotxategik Arabako Aldundian aurkeztutako txosten kritikoaren funtsak zalantzan jarri zituzten. Izan ere, hark faltsutzat jotako dozena bat ostrakek CEA-CNRS laborategiaren analisia jaso zuten eta Ruben Cerda doktorearen txostenek bermatzen zituzten.

Bestalde, afera hori argitzeko sortutako batzorde zientifikoak egindako lan eskasa salatu zuten. «Bost hilabetetan (ekainetik azarora) ez du ezer egin bere baitan azaldu den kontraesan zientifikoa azaltzeko», hau da, bost hilabetetan Gorrotxategiren «salaketa larriak» egiaztatzeko ezer egin ez izana leporatzen die. «Ezin dugu ulertu batzorde zientifiko batek horrelako jarrera izatea. Nork ikertu behar ditu faltsutze salaketak?», gaineratu zuen Koordinakundeak ohar batean. Haren iritziz, aurkitutako ostraken datazioak ez dira berriro egin nahi izan, «nahiz eta mundu mailan asko diren ostraken datazioak egin ditzaketen laborategiak». Izan ere, horixe izan zen Eliseo Gilek egindako eskakizuna, gerora ukatu zitzaiona.

Salaketa frogatu beharra

Salaketa zurrunbilo guztiaren gainetik, Iruña Argitzeko Koordinakundeak argi utzi zuen salaketak ere frogatu egin behar direla, gehienek «iritzietan baino ez baitute oinarri». «Gauza bat da salaketa eta, oso bestelako beste bat, froga», gaineratu zuen. Bestalde, Juan Martin Elexpuru euskal filologoak «kontraste zientifiko sakonago eta zabalagoaren beharra», nabarmendu zuen. «Batzuk susmagarriak izateagatik ezin dira denak txartzat eman; kontraesan zientifikoak gehiago ikertu behar dira», azaldu zuen.

Halaber, batzorde zientifikoak ia urtebetean analisiak errepikatzeko, kontrastatzeko aukera izan du, adibidez, 6. sektorean (euskaldunean), ospea duten lekuko bereziek lagunduta, baina «ez dute ezer egin, ez dira Iruña Okara joan, ez dituzte arkeologoak galdekatu», salatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo