GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Parisen aitzinean «jazartzeko tenorea» dela aldarrikatuko dute 2009ko Gazte martxan

Gazte independentistek Amaiurren hasi eta Donibane Garazin amaituko den mendi martxa baliatuko dute, Parisen «kolonizazio estrategia» salatzeko eta Euskal Herriaren aldeko «engaiamendua» adierazteko.

p017_f02_148x92.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Euskal Herri osoko gazteen arteko «ezagutza eta harremanak» ahalbidetzea ez ezik, apirilaren 10ean Amaiurretik abiatu eta bi egun geroago Donibane Garazin amaituko den martxak beste helburu nagusi bat ere baduela adierazi zuten atzo Baionan: «Estatu frantsesaren kolonizazio-estrategia salatzea eta Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoaren aldeko urratsa egitea», hain zuzen ere.

Aipatu estrategiak «bi aurpegi -nazio-zapalkuntza eta kapitalismoa-» dituela nabarmenduta, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako egoeraren errepasoa egin zuten. Lehen «aurpegiarekin» lotuta, hezkuntza eremuan Pauera, Bordelera edota Tolosara joatera «bortxatuak» direla gogorarazi zuten, horrek ikastaldiak eta lan-munduarekiko harremanak Euskal Herritik kanpo egitera behartzen dituztelarik. Ondorioz, «populazioaren desertifikazioa» areagotu egiten dela gaineratu zuten. Zuberoa, administrazio aldetik Biarnorekin gero eta lotuago dela, barnealdeko zerbitzuen urritasuna, higiezinen eta lurraren espekulazioa, bertako populazioaren minorizatzea eta euskararen «lurperatze» prozesua aipatu, eta «zapalkuntza» horren adierazletzat jo zuten.

Kapitalismoaren ondorioak

Sistema kapitalistak lurralde antolaketa desorekatua, lanaren behin-behinekotasuna eta soldaten eskasia dakarrela edota laborantzan jardutea erabaki duten gazteek instalatzeko dituzten arazoak ere aipatu zituzten.

Egoera horri amaiera emateko tenorea heldu dela esan zuten, «ez dugulako manupekoak, izpiritu kritikorik gabekoak» izan nahi, ezta inork esaterik ere «nola pentsatu, nola jan, nolakoak izan».

«Bestelako Euskal Herria, elkartasuna, kolektibotasuna, aniztasuna» oinarritzat duena, «aberastasuna banatuko duena, euskara ofiziala izango duena eta `zazpiak bat' egiteko inposatutako mugak urratuko dituena» nahi dutelako, «jazartzera» deitu zuten.

Azken garaiotan piztutako dinamikek, «jendearen kontzientzia hartzea» areagotu dutela, eta Parisek «errepresioarekin edo asimilazioa azkartzearren, EEP eta PB2020 bezalako sasitresnekin» erantzuten duela gaineratu zuten, bidea «erraza» ez bada ere, «eraso errepresiboaren aitzinean elkartu eta aurreko belaunaldiek bezala, Euskal Herriaren defentsan jarraitzeko engaiamendua» adierazi aitzin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo