KRONIKA Inauteriak Euskal Herrian
Urteko asteazken tristeena askorentzat, gaurkoa
Sei parranda egun igaro ostean, sardinaren ehorzketarekin amaitu ziren atzo Tolosako inauteriak. Bien bitartean, Lantzen, urtero legez, Miel Otxin maltzurra sutan erre zuten herritarrek. gaurkoa ez da, ez, asteazken xamurra izango askorentzat.
Asier VELEZ DE MENDIZABAL
Gauerdian amaitu ziren Tolosako inauteriak bisitari eta bertakoen zoritxarrerako. Sei egun jai giro bikainean ibili ostean, gaur pixkaka-pixkaka eguneroko erritmora bueltatuz joango da herria. Urtero bezala, egun hauetan Euskal Herriko hainbat lekutatik iritsitako jende andana izan da Tolosan inauterietan, bertatik bertara gozatuz.
Igandetik asteartera arte herriko kaleak jendez gainezka izan dira, hemendik eta handik, konpartsa eta mozorroen joan-etorrian. Gustu guztietarako mozorroak ikusi dira egun hauetan: hippyak, piratak, ezkonberriak, angula arrantzaleak, sukaldariak, militarrak... irudimena eta originaltasuna izan dira nagusi Tolosako karriketan.
Atzo jaien azkenengo eguna izanik, minutu bakoitza aprobetxatzeko gogoarekin hasi zuten tolosarrek, eta gaueko parrandaren ondoren, goizeko hamarretarako kalera ateratzen hasiak ziren lehenengo txarangak. Hein handi batean, gazteek familiei utzi zieten lekua, eta ordu batzuk lehenago garagardoa eskuan zuten ehunka gaztez beteriko kaleak bere egin zituzten haur eta helduek. Dena dela, gaupasan ibilitako neska-mutilak ere ikusi ahal izan ziren; denetariko aurpegi eta gorputzaldiak.
Aste askotako prestaketa lana kalean erakusteko aukera izan zuten konpartsetako kideek, eta amaigabeko irudimenaren erakusle izan dira azken unera arte. Bai, aurten ere izan dira, hain ohikoak diren pirata, txino edota pailazo jantziak kalean gora eta behera, baina beti bezala herritar eta bisitariak aho zabalik utzi dituzten jantziak ere bai. Inork pentsatuko al zuen erle erreginez jantzi nahi eta bateren bat teilatutik zintzilika jarriko zenik?
Miel Otxin, sutan
Dena dela, karroza guztiak ez ziren hain alaiak izan. Beste koadrila batek ehorzketa bat antzeztu zuen. Hildakoaren zerraldoa eraiki zuten, hildakoaren argazkia eta guzti. Beste batzuek, berriz, zezenketa bat irudikatu zuten kalean; zezen-plazan, toreatzailez jantzitako haurrek kartoizko zezenekin jolasean aritu ziren.
Pixkaka-pixkaka orduak agortu zituzten bisitari eta bertokoek, eta, hala, gaueko hamabiak iritsi ziren. Orduan, sardinaren ehorzketarekin agur esan zieten aurtengo inauteriei.
Lantzen ere atzo eta herenegun jai giro paregabe izan zuten. Miel Otxin lapur maltzurra sutan errez eman zioten amaiera, Zaldikoak Ziripot lodikotea behin eta berriz lurrera botatzen zuen bitartean. Txatxoez lagunduta egin zuen ibilaldia Miel Otxin lapur maltzurrak eta enparantzan bertan epaitu eta akabatu zuten erreta. Suaren inguruan zortzikoa dantzatuz eman zioten amaiera urtero legez Lantzeko bizilagunek inauteri jaiari.