GARA > Idatzia > > Mundua

Talibanek su-eten iraunkorra iragarri dute Swat-en, akordioa sinatu ondoren

Pakistango Gobernuak exijitu bezala, Swat bailarako talibanek su-eten iraunkorra iragarri dute, bertako lege bakarra lege islamikoa («sharia») izatea lortu ondoren. Washingtonek ez du bere haserrea ezkutatu eta akordioa oztopatzen ahaleginduko da. Nola edo hala.

GARA |

Pakistango talibanek su-eten iraunkorra iragarri dute Swat bailaran, Gobernuarekin akordioa lortu ostean.

Joan den astean Islamabadeko Gobernuko ordezkariek eta talibanek sinatu zuten akordioaren arabera, sharia-k (lege islamiarrak) aginduko du Himalaiako eskualde honetan. Mendebaldeak eta Ameriketako Estatu Batuek eta, batez ere, NATOk ez dute begi onez hartu akordio hori, alderdi islamisten sendotzea ekarriko duelakoan.

Presio horiek ekidin nahian, Pakistango Gobernuak su-eten iraunkorra exijitu zien talibanei akordioa babesteko.

Swat bailara Islamabadetik 120 kilometrora dago, ipar-mendebaldean, eta gune turistiko garrantzitsua izan zen 2007ko udazkenera arte. Garai hartan, Maulana Fazlullah agintariaren gidaritzapean eskualdearen jaun ta jabe bilakatu zen taliban talde bat, eta hasiera-hasieratik shari-a ezartzeko kanpaina egin zuen. Pakistango Armadak ez du eskualdea berreskuratzea lortu, hainbat eraso egin baditu ere.

Bilkura egin ostean iragarri dute su-eten iraunkorra talibanek. «Shura gaur bertan bildu da Maulana Fazlullah-ren gidaritzapean eta erabakia hartu du», azaldu du bertako talibanen eledun Muslim Jan-ek.

Presoak askatuko dituzte

Su-etena iragartzeaz gain, preso dituzten soldadu eta poliziak aske utziko dituztela ere adierazi dute talibanek. «Gaur bertan lau paramilitar askatu ditugu eta datozen egunetan horixe bera egingo dugu gainerako presoekin, gure borondate onaren seinale», jakinarazi du Janek.

Pakistango Armadak ere Swat bailara erasotzeari utzi diola eta su-etena errespetatuko duela iragarri du Athar Abbas jeneralak. «Zin egiten dut ez dugula eraso gehiago egingo», esan du.

Bertako Gobernua ere baikor azaldu da akordioarekin. «Pozarren hartzen dugu su-eten iraunkorraren iragarpena, eta benetako bakeari bidea irekitzen diolakoan gaude», azaldu du Syed Mohammad Javed arduradun politikoak.

Bere Gobernuak bertako agintari erlijioso batekin, Soofi Muhammadekin, akordio bat adostu zuen hilaren 16an. Akordioaren arabera, auzitegi islamikoak izango dira epaile bakarrak eskualde osoan. Talibanek bere egin zuten akordioa.

Azken urteotan gogor salatu izan dituzte AEBek antzeko saiakerak. Izan ere, Islamabadek horrelako akordioak sinatu izan ditu Afganistanekin muga egiten duten tribuen eskualde tribalen agintariekin. Swaten bertan antzeko akordioa iragarri zuten bi aldeek iaz, baina ez zen indarrean jarri.

AFGANISTAN

NATOk Afganistango hegoaldean dituen lau soldadu hil ditu erresistentziak segada batean. Urtea hasiz geroztik, 43 dira herrialde honetan hildakoak. Bitartean, azken orduetan 16 gerrillari hil dituztela jakinarazi dute mendebaldeko indarrek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo