GARA > Idatzia > > Kultura

«`Nomadak Tx' proiektuak arlo artistikotik at ardura asko hartzera behartu gaitu»

p048_f01_148x228.jpg

p049_f01_137x104.jpg

Harkaitz Martinez de San Vicente

Oreka TX taldeko txalapartaria

Igor Otxoarekin batera Oreka Tx txalaparta bikote ezaguna osatzen du Harkaitzek. «Nomadak Tx» diskoa eta pelikula burutu ostean eta bi urtez oholtzarik zapaldu gabe egon ostean, egitasmo zabal eta arrakastatsuaren azken txanpari heldu dio bikoteak: Euskal Herriko Antzoki nagusietara eramango dituen bira. Bihar dute zaleekin zuzeneko lehen hitzordua, Donostiako Victoria Eugenian.

Anartz BILBAO | BILBO

Bi urtez agertokietatik kanpo izan ostean, Oreka Tx taldeak aurki bukaera emango dio «Nomada Tx» egitasmo ibiltari erraldoiari, zuzeneko bira ikusgarri batez. Bartzelonan joko du gaur bikoteak, eta Donostian bihar, Euskal Herriko birari hasiera emanez. Gero, Bilbo (martxoak 3), Iruñea (martxoak 6), Gasteiz (martxoak 7), Donibane Garazi (martxoak 14) eta Biarritzen (martxoak 20) txanda izango da. Mila bidaia, ikaspen eta soinu bilduko dituzte zuzenekoek, eta Harkaitzek eman digu horien berri.

Euskal Herriko antzoki dotoreenetan bira egitekotan zarete.

Zuzeneko biraren aurkezpenean gaude, eta etxean egiteari garrantzia ematen genion, nolabait ere kanpoan garatu dugun egitasmoa izan delako «Nomadak Tx». Aurkezpena antzoki esanguratsuetan egitea bilatu dugu, eta Euskal Herriko herrialde guztietara heltzea, baina horrek ez du esan nahi ez dugunik herrietako plaza edo gaztetxeetan joko, eta gerora helduko dira hitzordu gehiago. Gainera, atzerrira ere joatekotan gara.

«Nomadak Tx» egitasmoa itxiko duzue horrela.

Bai, egitasmoaren azken fruitua da orain abiatzen duguna. Diskoa plazaratu genuen, filma egin eta DVDan argitaratu..., eta orain zuzenekora, gure lurralde naturalenera, gerturatu nahi dugu. Zazpi musikari izango gara taula gainean, instrumentazio aldetik beste beharrizan batzuk genituen eta taldea berritu dugu, eta atzerriko lau gonbidatu ere izango ditugu, bata mongoliarra, beste bat sahararra eta azken biak amazighak.

Zergatik bira hau orain, bi urteko bidea hasi eta horrenbeste bidaia eta gero.

Bi urte eman ditugu pelikularen ibilbideari jarraituz, eta musikaren egunerokotasunetik urrundu gaitu horrek. Ikuskizun hau egitasmoaren hasieratik genuen buruan, eta martxan jarri ahal izan dugunean plazaratu dugu.

Besaulkietan jarrita, bidaiatzeko aukerarik ere izango omen da kontzertuotan.

Zuzenean egiten den musika pantailan agertzen diren irudiekin uztartuko dugu. Alegia, pantailan kontatzen den bidaia edo azaltzen den istorioa iraganean egindako esperientzia bat da, eta zuzeneko musikarekin uztartzen da. Orduan, momentu batzuetan ematen du kontzertua filmaren soinu banda zuzenean entzuteko aukera dela, eta beste batzuetan, ordea, badirudi pantailako musikariak zuzenean ari garen musikariokin batera ari direla. Horra uztardura.

Gainera, bi lagunekin nahikoa ez eta hirugarren txalapartari bat bildu omen duzue taldera.

Hirugarren txalapartaria Mikel Ugarte dugu. Urtebete darama Mikelek gurekin proiektu hau prestatzen, eta agertokian gurekin izango den arren, ez gara hirurok elkarrekin txalaparta beraren gainean arituko. Batzuetan berak harrizko txalaparta joko du eta guk egurrezkoa... Guk erritmoa bera definitzen dugu txalaparta bezala, baina material ezberdinak erabiliz musikalki era askotako ekarpenak egin daitezke. Txalaparta eta materialaren konbinazioaz ari gara, finean. Beraz, Igor eta biok txalaparta berean gaudela, Mikelek gureaz bestelako material bat joko du, aberasteko.

Munduan zehar, herri ugaritako musikariak ezagutu dituzue, eta lau gonbidatu. Zergatik lau horiek?

Jende asko ezagutu, eta nolabaiteko aukeraketa bat egin behar izan dugu gonbitak egiterakoan. Gainera, parte hartuko duten lauretatik aparte, beste gonbidatu batzuk ezin izan dute etorri, bisatu arazoak medio.

Aurkeztu ditzagun, bada.

Saruul mongoliarra da, nomada izan da hemezortzi urtera arte. Azkeneko lau urteak Alemanian eman ditu Transmongolian musika taldearekin batera. Mongoliarra izatea garrantzitsua zen guretzat, khoomi ahots teknika ikusgarria dutelako han eta berak oso ondo menperatzen du. Gainera, bertako tresna tradizionalak, Morin Khoorrak, zaldiaren sinbolismoa du eta musikalki ere, erritmo zein melodian, zaldi trosta eta irrintziak imitatzen saiatzen dira. Gainera, primeran egokitzen da alboka zein txalapartarekin. Beste gonbidatu bat Aziza Brahim sahararra da. Elkarrekin lan egindakoak gara eta bidaia bat kanpamenduetara egin genuenez, zuzenekoetan ordezkapena izan zezatela nahi genuen. Bukatzeko, Saida eta Yamna Ounacer ahizpa amazigh edo bereberrak, (beraiek nahiago dute amazigh esatea). Lau gonbidatuak abeslariak dira, eta gure talde instrumentala osatzeko gonbidatu ditugu.

Egitasmo erraldoi honek, «Nomadak Tx» filma du izarra?

Filmak bide oparoa izan du eta hamabost sari inguru jaso ditu mundu osoan zehar, guretzat ezustekoa izan dena. Guk ez dugu sekula pentsatu noraino hel gintezkeen, eta Donostiako Zinemaldian aurkeztea genuen helburua. Gainera, ez gara bakarrik arlo musikal edo artistikoan gelditu. Proiektu honek gure gain beste ardura batzuk hartzera behartu gaitu, ekoizpena, diskoetxea sortzea... Lan guzti horiek arlo batzuetan moteldu egin gaituzte, baina aberastu ere bai. Orain baliabide ugari ditugu gure gain, horrelako egitasmo bati aurre egiteko.

Biraren aurkezpenean hunkitu egin zineten Mikel Laboa gogoratzean.

Mikelen heriotza tristea izan da, baina polita Euskal Herrian eragin duen hutsunea ikustea, bere galerak denok hunkitu gaituelako pentsatzen genuena baino gehiago. Guk ikuskizunean «Martxa baten lehen notak» (Artzeren hitzak eta Laboaren musika) kantua jotzen dugu eta kontzertu hauek Mikel eta haren familia omentzeko baliatu nahi ditugu.

Miresgarria da txalapartari eman diozuen nazioarteko bultzada. Agian zuon gonbidatu Azizak esandakoari helduz, edozein musikarekin izugarri ondo egokitzen delako?

Niri ere asko gustatu zitzaidan Hazizak aipatu zuen hori. Musika zaharrek berritu gabe ezin dutela aurrera egin ere aipatu zuen. Guk txalaparta momentu berezian jaso genuen, orain dela hamazazpi urte inguru Hernaniko Musika Eskolan, beste batzuekin batera zaharrengandik tresna jaso zuen Juan Mari Beltranekin. Galtzear zegoen txalaparta maila akademiko edo eskola osatzeko mailara iritsi zen eta horren partaide ere sentitu ginen. Gainera, historia bereziko instrumentua genuen, eta lantzeko zein garatzeko aukera izugarriak zituena. Azken berrogei urteetan txalapartak Euskal Herrian izan duen hedapena eta musikalki lortu duen maila miragarria izan da eta gure bidea bilakaera horren paralelo joan da. Hori posible egin duen taldeko partaide sentitzen gara.

Badago txalaparta jotzetik bizitzerik?

Gu musikari profesionalak gara. Baina txalaparta musikari ona izateak ez du esan nahi musikatik bizi zaitezkeenik. Musikatik bizi ahal izateak musikak dituen arlo guztiak kontrolatzea esan nahi du, eta bide horretatik egin dugu gure ibilbidea, ekoiztetxea eta diskoetxea sortu eta egitasmo musikalek orokorrean behar dituzten atal guztiak garatuz.

«Eztabaida zabala sortu da dirulaguntzen gainean»

Harkaitz Martinez de San Vicenterekin izandako solasaldian beste gai batzuk ere erabili genituen, eta Kepa Junkera trikitilariari emandako dirulaguntzek sortutako kalapitaz itaundu genion, errekaldearrarekin lan egindakoak direla aprobetxatuta. Martinez de San Vicenteri «oso interesgarria» iruditu zaio «musikarien aldetik sortu den mugimendua, zein lan egiten dugun, dirulaguntzen babesa merezi ote dugun eta halakorik gabe gure kultura eta egitasmoak aurrera eramateko kapazak ote garen planteatzea». Eztabaida eta hausnarketa «zabala eta interesgarria» izan da oso, eta «espero dut ez izatea unean uneko kontua, eta etorkizunean ere gogoan izatea bertan azaldutako iritzi guztiak».

Gaiarekin jarraituz, beraiek ere dirulaguntzak jaso zituztela aipatzean, prest agertu da horren berri emateko, eta guztiz harritu zaigu kalean entzundakoa aipatu diogunean: hirureun-laureun mila euro inguru jaso zituztela. «Gu ere entzunak gara dirutzak jaso ditugula» erantzun, eta kontua behin betiko argitze aldera: «filmaren ekoizpenerako, 36.000 euroko laguntza jaso genuen Eusko Jaurlaritzatik».

A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo