GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

«Zonbitekarako» sarrera

Zonbi artean korri, korri eta korri itolarri bero batek eztarria lehortu eta garuna muturreraino estutzen duen arte. Ibilian ibilita egiten da aurrera, eta gainerakoak atzean utzita soilik lor daiteke garaipena. Lezio hori aspaldian ikasi zuten zonbiek; haiek ez dira berehalakoan akitzen eta luzean indarrean irauteko duten gaitasun erakustaldi itzelak egin ohi dituzte. Hileta elizkizun jendetsuen ondorengoak dira, ohore guztiekin agurtuak izan direnak, elizaren ate handitik sartu eta ateratzen dituztenak. Eta, beldurrezko filmetan gertatzen den bezala, bata doan lekura jarraitzen diote besteek ere eta, hala, gauerditik aurrera zabaltzen dute beren izua. Izurrite kutsakorra omen da beraiena, eta «kutsatzen» ez dena aldendu egiten dute, lasterketatik bota, «zonbilekutik» baztertu. Banpiroen familiako aurrekariak ere ba omen dituzte; odola zurrupatu zaleak dira, eta gurutzea parez pare ikusten dutenean desagertzeko abilezia berezia dute. Gose direnean, baina, berriro itzultzen dira ahal dutenari kosk egin eta sabela, edo dena delakoa, berriro betetzera.

Korri, korri eta korri igande gauerditik hona. Amaierara arte hornidura urria izango dela aurreikusten da, baina «zonbilekuan» bada aurrera egin nahi duen boluntario ugari. Lasterketa hasi aurretik zangotrabatu zituzten batzuk, eta lur azpian satorren antzera lanean jarraitzeko prest ageri dira. Bi zonbi buruek, ordea, ez dute aurrera egiten, momentuz. Agerikoa da beraien nahia oraingoz baldintzak mahai gainean jartzea dela, eta maldak ibilbidearen zein puntutan aurkituko dituzten zehaztea.

Ibarretxek eta Lopezek «zonbiteka» sortu dute dagoeneko, eta beldurrezko gau horrek noiz arte iraungo duen jakiteko zantzu argirik ez dute agertu oraindik. Lehiarako sarrera asko saldu dituztela nabaria da, baina apustu garbirik ezin egin oraindik. Pasatakoaren analisia zorroztea izan liteke etorkizunari begira egin beharreko ariketarik zentzudunena, eta «zonbitekan» gizakiei sarrera librea uztea, gutxieneko askatasunez bizitzea zer den aspaldian ahaztu zitzaigun-eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo