GARA > Idatzia > > Kultura

Bertsolari Gazteen BBK Sariketak aurten aurrenekoz Enkarterriei ongietorria egingo die

p042_f02_097x068.jpg

A. BILBAO | BILBO

Atzo aurkeztu eta gaur hasiko da Bertsolari Gazteen XVII. BBK Sariketa. Lau eskualderekin taldekako lehia hasi zuen sariketak aurrerapauso nabarmenak eman ditu urte gutxian, eta aurten lehenengoz Bizkaiko eskualde guztien ordezkaritza izango du, Enkarterriek (Ezkerraldea barne hartuta) aurrenekoz parte hartzea eskatu dute-eta.

Zazpigarren talde honen sorrerak antolakuntzari ere aldaketak eragin dizkio, eta aurreko urteetan legez sei kanporaketa eta finala jokatu beharrean, hiru kanporaketa, bi finalaurreko eta finala jokatuko dituzte aurten. Beraz, taldeak bikoitiak beharrean bakoitiak izateak saio bat gutxiago izatea ekarriko du.

Leire Markuerkiaga Bizkaiko Bertsozale Elkarteko idazkariak adierazi zuenez, bi zeregin nagusi ditu elkarteak sariketa honetan. Batetik, saioak azpiegituraz hornitzea eta bestetik, giza talde teknikoaren osaketa, hau da, epaile, gai-jartzaile eta aurkezleena. Epaile lanetan Juanjo Respaldiza, Harkaitz Estiballes eta Gorka Intxaurbe izango dira aurten, eta aurkezle lanetan berriz, Bernardo Mandaluniz, Maite Berriozabal eta Zuriñe Iarritu. Azken honek gai-jartzaile lanak ere egingo ditu Leire Aurrekoetxearekin batera.

Juanjo Respaldizak sariketan parte hartuko duten taldeen gainean hitz egin zuen. Bi adin maila izango dira, aurten gehienez hemeretzi urte egiten dituztenena bata, eta hogeita bost beteko dituztenen artekoa bestea. Talde bakoitzak sei partaide izango ditu. Aurten sariketan parte hartuko duten bertsolarien artean, hamahiru urte izango ditu gaztetxoenak.

Abentura egunak

Atzoko prentsaurrekoan Igor Elortza Bizkaiko txapeldunak sariketan parte hartu zitueneko garaiak ekarri zituen gogora: «abentura egunak ziren, lagunartekoak».

Sailkapen-saioak gaur hasiko dira Markina-Xemeingo Lea-Artibai ikastetxean. Hurrengo biak, Durangon (martxoaren 9an) eta Igorren (martxoaren 10ean) jokatuko dira. Finalaurrekoak berriz, Bilbon eta Durangon, eta finala, martxoaren 27an, Bilboko Kafe Antzokian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo