GARA > Idatzia > > Kultura

Zortzi lan aurkeztuko ditu Euskarazko Film Laburren Zirkuituak, 47 emanalditan

Ainhoa LORES | BILBO

Film Laburren Zirkuituaren seigarren edizioak, datorren ostegunean hasi, eta apirilaren 7ra arte iraungo du. Guztira zortzi lan izango dira ikusgai, ordubeteko 47 emanalditan. Euskal Herriko aretoetan bezala, Paris, Bartzelona, Erroma edo Shanghai hirietako Euskal Etxe eta elkarteetara ere zabalduko da ekimena. Nabarmentzekoa da emanaldi bakoitzaren ostean zinemagileekin zuzenean hitz egiteko aukera egongo dela, eta horrela, egileak eta ikusleak elkarrengana hurbildu ahal izango direla.

Aurkeztuko diren filmen artean dago Iban del Camporen «Lo bakarrik» lana, eta insomnioak jota bizi den emakume bati buruzko istorioa kontatzen du bertan. Protagonista edozein gauza egiteko gai izango da bere arazoa konpontzeko. Asier Urbietaren «Musika» filmean aldiz, haur batek errespetua zer den ikasiko du miresmenaren bitartez. Jose Luis Barredo eta Iñigo Garciaren «Berde» da proiektatuko den beste film laburretako bat, eta bikote bat lagunarteko afari batera kotxez doala gertaturikoa azaltzen da bertan.

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak urtero antolatzen du ekimen hau euskarazko film laburren urteko produkzioa ezagutarazteko, eta bide batez, herrietako kultur eskaintza aberasteko. Manuel Morenok aurkezpenean azaldu zuenez, «ekimenak gero eta harrera hobea du euskara elkarteen zein zinemagileen aldetik», eta horren adibidea da urtero etengabe hazten ari den emanaldi kopurua. «Aurten 47 emanaldi eskainiko ditu zirkuituak, iaz baino hamar gehiago», aipatu zuen Morenok.

Aurreko edizioetan bezala, honetan ere ahalegina egin da ibilbide luzeko egileak eta egile berriak kontuan hartzeko. Gainera, iazko harrera ona ikusita, urte honetan ere Kameratoian, Topaguneak antolatutako ikus-entzunezkoen rallyan saritutako lanetako bi sartu dira tartean. Lehiaketa horretan, ikus-entzunezko lan bat hamar ordutan grabatu, editatu eta aurkezteko erronka proposatzen zaie parte-hartzaileei.

Atzoko aurkezpenean, Morenok alboan izan zituen Iban del Campo eta Asier Urbieta zuzendariak. Del Campok adibidez, ekimena «egitasmo positiboa» dela berretsi zuen eta aurtengoa euskaraz aurkezten duen lehen lana dela argitu zuen.

Urbietak, aldiz, azaldu zuen normalean film laburrak jaialdi berezietara bideratzen direla, eta Euskal Herrian halako filmak ikusteko «zailtasunak» izaten direla maiz. «Guk zineman ikusteko lanak egiten ditugu, kamera profesionalak erabiliz, eta ez Interneterako». Ildo beretik, Film Laburren Zirkuituko emanaldi guztiak aretoetan egingo direla nabarmendu zuen Manuel Morenok, pantaila handi batean proiektatuz, eta ez telebista batean. «Erroman edo Londresen adibidez, ez dago film laburrak modu egokian proiektatzeko Euskal Etxerik eta horregatik, zinema aretoak alokatu behar izan dira», azaldu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo