Maider Iantzi Kazetaria
Debekatutako aldera begira
Ttikia zelarik, Juan Jose Millasek bazuen etxean anitz maite zuen objektu bat. Irudi bat zen, txirrindulari bat. Giltza emanda, ibiltzen hasten zen kirolaria eta “Los objetos nos llaman” liburuaren idazlea begira-begira egoten zitzaion denbora luzez, txundituta. Hainbertze, azkenean konturatu zela ez zirela hankak gurpilak mugiarazten zituztenak, alderantziz baizik: atzeko gurpilak motor txiki bat zuen ezkutatuta eta horrek eragiten zien pedalei. Ikasgai garrantzitsua izan zen Millasentzat, erakutsi baitzion ez dugula erraten diguten lekuetara begiratu behar, ez begiratzeko erraten digutenetara baino.
Objektuz inguratuta bizi gara eta arreta jarriz gero, makina bat sekretu xuxurlatzen digute. Azken boladan alfertuta dabilen eta berak esnatu beharrean nik esnatzen dudan eskuko telefonoak, iratzargailu eta erloju bezala ere erabiltzen dudanak, anitz du niregandik. Pijamak, hortzetako eskuilak, koadernoak, mantak, mahaiak, sofak, orraziak, hormek bezala. Eguneroko objektu horiek guztiak gure gorabeheren lekuko dira, negarrak eta irriak gordetzen dituzte, eta informazio pila bat ematen dute. Batzuetan, lehen begiratuan kontatzen digutenarekin konformatzen gara; bertzetan, aldiz, gehiago jakin nahi izaten dugu eta ohe azpiak ere arakatzen ditugu.
Gertatu izan zait eguneroko gauzei so egitean, eguneroko gauzak egitean, une batean dena arraroa, desberdina, ezohikoa dela iruditzea eta “Matrix”eko pertsonaia bat naizela sentitzea, mundu bitxi eta ezezagun batean banengo bezala. Horrelakoetan, nire buruari galdetu diot: hau da errealitatea, orain begien aurrean dudana, edo begiratzeko modua da gakoa eta horren arabera aldatzen da errealitatea?