Aitor irigoien Odriozola Getaria
Iraultzen museoa
Herri iraultzailea omen gurea. Edo etiketa hori jarri izan digute edota diogu sarri geure buruari. Honen inguruan benetako hausnarketarik burutu gabe antza:
-Ezker ukabila gogoz altxatu ohi dugu diskoteka erraldoietan jaiegun goizetako ordu txikietan, ahoan alkohol lurrina eta sudurrean hauts txuri magikoaren arrastoak dituen artaldearen artean.
-Globalizazioaren aurka ozen hitz egiten dugu, soinean Nike, Adidas, Billabong, QuickSilver edo Salomon bezalako markei doako publizitatea egiten diegun bitartean.
-Munduan gerrek, goseak edo medikamentu faltak eragiten dituzten milioika hildakoez ahaztuta, Realaren edota Athletic-en futbol emaitza kaskarrek gogaitzen eta amorrarazten gaituzte.
-Euskararen defendatzaile sutsutzat dugu gure burua, herri euskaldun guztietan gehien saltzen den egunkaria «DV» izan arren eta Tele 5 bezalako kateek audientzia zabalena gure lurretan izan arren.
-Espainiar selekzioarekin jokatzen duten euskal kirolariak gogor kritikatzen ditugu, inposatutako espainiar jaiegunetan (U-12, A-6) antolatzen diren herri eskola desberdinetan hogei lagun baino gehiago biltzen ez garenean...
Iragan iraultzaileaz harro egotea garrantzitsua izan arren, jarrera iraultzaile horiei jarraipena eman eta gure jokamolde eta egunerokoan barneratzea da benetan ezinbestekoa. Eta egun, oso gutxitan eta oso ahul ikus daiteke hau...
Iraganeko iraultzen omenezko ekitaldi zein museoak antolatzea ondo dago, hauek zuzenean ezagutzeko aukera izan ez dugunok gure jatorriaren eta arbasoen borrokaren kontzientzia har dezagun, benetako historia ikus eta ikas dezagun. Baina iraultzak museoetan giltzapetuta geratzea, museokoa soilik den zerbait pasibo bilakatzea, hots, kontakizun estatiko hutsala, iraultza beraren esentziarekin eta etorkizunarekin amaitzea da; mugimendua akabatzea.
Gure kontraesanak kontraesan, autokritika zorrotza eta norberaren esfortzu zein konpromiso sendorik gabe, ez dugu amesten dugun bestelako mundua lortzeko bidean aurrera egingo.
Hain polita, erosoa eta guay da, ordea, eskiatzetik itzuli ostean museoko iraultzak kontenplatzea, esku batean Coca Cola botila eta bestean McDonalds-eko askaria dugula....