Maika Diaz de Alda Gasteizko Ramon Bajo ikastetxeko Gurasoen Elkartea
Jauregi bat Alde Zaharrerako
Duela hilabete eskas, Ramon Bajo Gasteizko Alde Zaharreko ikastetxeko Kontseiluak proiektu bat helarazi zion Hiri Berrikuntzarako Eragintegiari. Eskola edozein ingurune errotik berritzeko eta birbizitzeko agente erabakigarria dela azaltzen zen proiektu hartan, eta horixe gertatzen dela hain zuzen ere Gasteizko Alde Zaharrean.
Halaber, etorkizunari begira zentroaren beharrak zeintzuk diren jakinarazi genion Udalari. Gurea ikastetxe dinamikoa eta inklusiboa da, erronka gisa kalitatea eta berrikuntza dituenak, eta auzoan dagokion tokia irabazten ari dena, eskola-erkidego guztiaren parte-hartzeari esker. Eta, horregatik guztiagatik, txiki geratzen ari zaigu eraikina, eta bere proiekturako instalazio egokiagoak behar ditu, patio handiago bat, ingurune garbiago eta osasuntsuago bat, erakundeen inplikazio indartsuagoa... Proiektu horretan posibilitate ezberdinak proposatzen ziren instalazioak hobetze aldera, eta aukeretako bat Ramon Bajo ikastetxea Eskoriatza-Eskibel jauregian kokatzea zen hain zuzen ere.
Egun batzuk geroago iritsi zitzaigun albistea: eraikuntza hori hezkuntza-helburuetara bideratuko dela eta auzoko eskola bertan ezarriko dela. Lerro hauekin ikastetxeko Gurasoen Elkarteak bere poza adierazi nahi du, erabaki hau dela eta. Albiste ona da ezbairik gabe, eta ez bakarrik eskolarentzat, baizik eta baita auzo guztiarentzat ere. Uste baitugu hezkuntza arlokoa dela jauregiari eman dakiokeen erabilerarik onenetariko bat, beti ere hezkuntza modu zabal batean ulertuz, horren baitan hala alde formalak nola ez formalak jasoz.
Gauza jakina da auzo bateko eskola oso elementu baliotsua dela bere ingurunerako; leku bat zeinetan pertsonak elkarren artean lotzen baitira era positibo batean, zeinetatik harremanak eta gizarte-sareak dinamizatzen baitira, zeinetan jarduera irekiak eskaintzen baitira auzo osoarentzat. Horixe da Ramon Bajo ikastetxearen eta Gurasoen Elkarte honen bokazioa.
Horregatik geure burua eta Alde Zaharra zoriondu nahi ditugu, eskolako eraikina guztiona izango delako -egungo zentroa bezalaxe, alegia-.