GARA > Idatzia > > Mundua

Ez ohiko erasoa izan da Pakistanen, Sri Lankako cricket selekzioaren aurka

Sri Lankako cricket selekzioaren kontrako atentatua egin zuten atzo Lahoren. Komando batek taldearen autobusa tirokatu zuen Gaddafi estadiora zihoazenean. Eraso horren ostean izan zen tiroketan zortzi pertsona hil ziren, horien artean bost polizia. Jokalariak onik atera ziren.

p026_f01_148x108.jpg

GARA |

Sri Lankako cricket selekzioa Pakistangoarekin partida jokatzekoa zen atzo goizean Lahoren, Gaddafi estadioan. Baina, Liberty Plaza luxuzko auzoan zeudela, selekzioaren autobusa tirokatu zuten arma automatiko eta granadekin. Eraso horren ondotik, ordu laurden iraun zuen tiroketa gertatu zen. Zortzi pertsona, horietatik bost polizia, hil ziren. Zazpi jokalarik zauri arinak izan zituzten. Taldea, dena den, hegazkin militar batean itzuli zen Kolonbora.

«Lehenik, eztanda handi bat entzun dugu, eta gero tiroak. Suziri bat ere bota dute autobusaren kontra, baina gutxigatik ez du bete-betean harrapatu», adierazi zuen jokalari batek.

«Izugarria izan da. Autobus gidaria gure begien aurrean hil da. Bala batek urdailean jo du. Ez dut hitzik gertatutakoa azaltzeko», gaineratu zuen Esteban Davis arbitroak.

Cricketa ospe handiko kirola da Asiako hegoaldean. Kirolaren mugak gaindituta, herrialdeen arteko harremanak estutzeko balio du. Gauzak horrela, «cricketaren diplomazia» esaera oso ohikoa da. Sri Lankako selekzioa prest agertu zen Pakistangoarekin jolasteko, Indiakoak, Mumbaiko atentatuak argudio hartuta, ezetza eman zuenean. Sri Lankak eta Pakistanek lotura estua dute. Lehenak bigarrenari armak erosten dizkio tamilen kontra jarduteko.

Polizia iturrien arabera, hamabi pertsonak osatzen zuten komandoa. «Erasoa oso ondo prestatuta zegoen», plazaratu zuen Punjab probintziako gobernadore Salman Taseerek. Telebistako irudietan, zuhaitz artean ezkutatuta eta motxila pisutsua zeramatela agertzen ziren. Cricket taldearen autobusean, bai eta bizkartzainen autoetan ere, bala arrastoak zeuden.

Egileei dagokienez, hipotesi ugari daude. Batzuen ustez, tamilak izan litezke erasotzaileak, Sri Lankako Gobernuak LTTE gerrillaren kontra hasitako erasoaldia dela-eta. Punjabeko poliziaburu Khaled Faooqen hitzetan, ordea, gertaerak antzekotasun handia du Mumbaiko erasoekin. «Erasotzaileak pastunak ziruditen», esan zuen. Pakistango ipar-ekialdean, Afganistanekin mugan, bizi dira. Talibanek indar handia dute zonaldean.

«Gure izen ona laidotzea eta cricketaren mundutik at uztea zuten helburu», esan zuen Yusuf Raza Gilani lehen ministroak. Asif Ali Zardari presidenteak Sri Lankarekin dituen harreman onak gaiztotzeko «konspirazioa» izan dela helarazi zuen.

india ere susmopean

Egileak nortzuk diren ez dago argi. Hipotesien artean, Indiako zerbitzu sekretuek zerikusia izan dutela diotenak daude. Mumbaiko erasoetan Pakistanen esku hartzea salatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo