EHBE: «Herriaren bultzada beharrezkoa da Euskal Unibertsitatea abian jartzeko»
GARA |
Euskal Herriak Bere Eskola herri ekimenak «Euskal Unibertsoa `09» aurkeztu zuen atzo. «Urteetako borrokaren ondoren, Euskal Unibertsitatearen proiektua» badutela eta «paperetik adreilutara pasa dadin ziurtatzeko Fundazioa» martxan dela adierazi zuten.
Hilabete oso batez, Euskal Herriko fakultatetan zehar «izarrez betetzen ari zaigun unibertsoa» marraztuko dute, «Badugu, bagara...Euskal Unibertsitatea plazara!» lelopean. Lehendabizi,«Eugalaxien bidez, Euskal Unibertsoko izarrez» campusak beteko dituztela esan zuten atzoko prentsa-agerraldian.
Azaldu zutenez, hitzaldi, jaialdi, eztabaida, antzerki, mahai inguru, eta beste ekimenen bidez, aldarrikatuko du EHBE ekimenak Euskal Unibertsitatea. Fakultateak «aztoratu» eta gero, martxoaren 28an, «Eugalaxiak» Eibarren lehertuko direla gaineratu zuten. Aldi berean, egun horretarako ekimenaren irudikapen «praktikoa» izango den egitarau zabala prestatuko dutela iragarri zuten. UEUko egoitza nagusia den Markeskoa Jauregian izango da zita, 9.30tatik aurrera. Euskal Herriak Bere Eskolako kideek azaldu zutenez, «Euskal Unibertsitatea nazionala eta euskalduna» izango da, Euskal Herriaren «beharrak» ase eta bere garapenean lagunduko duena.
Proiektua abian izan arren, proiektua muturreraino eramateko «behar beharrezkoa» dela herriaren bultzada gogoratu zuen EHBE-k. Izan ere, herriaren mesedetara egongo den unibertsitate herritarra «herritik jaio» behar duela, «herriaren borrokaz eta herriaren atxikimenduz», nabarmendu zuten hizlariek.