Las Palmasen aurkako norgehiagoka prestatzen
Hilabete geldirik egon ostean, erritmo onean entrenatzen hasi da Mateo
GARA | GASTEIZ
Alaves taldeari buruzko albiste nagusia Mateo jokalari nafarrak eman zuen atzoko entrenamenduan. Hilabete geldirik egon ostean, Iruñeko jokalaria taldekideekin batera entrenatu zen berriro ere Ibaian oso erritmo onean.
Goizeko lan saioa amaitutakoan, bere egoerari buruz mintzatu zen atzelaria. «Nire ustez, min hartuta egotea kirolari batek bizi duen egoerarik txarrena da, gauzak aldatzeko edota zu zeu hobetzeko gauza gutxi egin baitezakezu», adierazi zuen jokalariak.
Taldearen egoera konplexuari buruz, ordea, honakoa aipatu zuen: «Bolada ona iristen denean argi dago entrenatzeko gogo handiagoz etortzen zarela. Jasangarriagoa izaten da. Gauzak gaizki doazen garaian, aldiz, dena astunagoa bihurtzen da».
Bigarren Mailako Liga amaitzeko hamasei jardunaldi falta dira eta, Mateoren ustez, «orain ikusiko da benetako Alaves; osatzen dugun taldea, sikologikoki indartsuak garen edota presioa jasaten dakigun edo ez ikusiko da».
Las Palmasera bidaia
Beste alde batetik, Igorrek eta Morenok Las Palmasen aurka jokatzeko aukera handiak izango dituzte, Javi Lopez entrenatzaileak atzo arratsaldean entrenamenduan erakutsi zuenez.
Gasteiztarrak gaur entrenatuko dira eta bihar Las Palmasera abiatuko dira bertan kontzentratuta egon eta larunbateko partida ondo prestatzeko.