GARA > Idatzia > > Kultura

Ethiopiques, bizitzaren erritmoari jarraituz gizartearengana hurbildu

Ethiopiques jaialdiaren lehen edizioa ospatzen ari dira Baionan larunbatera arte. Hiriko txoko eta bizikidetza guneak baliatuta, artearen ikuspegi zabala eskaintzen die herritarrei bizitzaren erritmoarekin bat eginik, goizeko gosaritik gaueko etzaniko kontzertuetara.

p041_f01_182x121.jpg

Idoia ERASO

Mezua pasatu da. Momentu polita izan da eta kultura aniztasuna sentitu da», adierazi zuen atzo Baionako Secours Catholiques (Caritas) elkartera hurbildutako Papy Pedrok. Goizeko bederatzietan ongintza elkartearen egoitzan kandelek, loreek, txokolateak, fruituek eta ogi freskoak laguntzen zuten eguneko lehen apairua, eta musikari eta antzezleek ontzen zituzten eguneko lehen orduak. Musika eta kantuekin egunkariaren irakurketa egin zuen artista batek, bere ondoan Haydarrek kantu kurduak eskaini zituen, ikusleentzat ulertezina zen hizkuntza batean. «Hitzak ulertzen ez bagenituen ere mezua heldu da. Itxaropena, bizikidetasuna eta laguntasunaren mezua helarazi digute», azaldu zuen ongintza zentroko ohiko bisitari Bernard Fourticqek.

Bizikidetasuna zen ikusleen artean entzuten zen hitza, baina antolatzaileek ere hori dute xede, biztanleriaren artean loturak sortzea. Fabien Nogue antolatzaile eta artistak «sare soziala» indartzeko balio duela nabarmendu zuen eta horretan hiriko dendari eta tabernarien parte hartzea eta laguntza goraipatu zituen. Izan ere, artistei doan eman dizkiete bazkari eta afariak taberna eta jatetxe ezberdinen artean.

Santespiritu auzoan arropa denda duen Vito Miliak horrela azaltzen zuen bere parte hartzea: «Aparteko ideia iruditzen zait, gizartea mugiarazi behar dela uste dut. Antolatzaileek zerbait behar baldin badute eta nik lortu baldin badezaket, hala egiten dut. Gaur goizean croissant bero batzuk eskaini dizkiet eta behar dutenean ordenagailua uzten diet».

«Irekia dela, benetan jendearengana hurbiltzen dela iruditzen zait, horregatik piztu dit interesa», azaldu zuen Laurent Lafolie argazkilariak. Horrelakoa izan da bere parte hartzea ere; astelehenean Baionako kultur zentro batean lan egiten duen lagun batek posta elektronikoz Ethiopiques-en berri eman zion, eta atzo goizean Santespirituko plaza bateko iturri batean ezarriak zituen bere lanak, piano batez lagunduta inprobisatzen ari zen Virgini Roger kantaria zegoen tokitik berrogei metrora.

Izaera ireki hori emankizunetan ere nabarmena zen, Virgini Roger laguntzera beste hainbat kantari eta musikari hurbildu baitziren. Goizak eta arratsaldeak aurkikuntzarako eta partekatzeko uneak dira Ethiopiques jaialdian. Horrela azaldu zuen Beñat Achiari kantari eta jaialdiko antolatzaileak jaialdiaren egitura: «Goiz zein arratsaldeak ukitu txikiak emateko dira, puntu delikatuak, ukituak emeki-emeki eta denboraz egiteko. Jendearen hartu-emana bultzatzeko. Arratsak aldiz formalagoak dira».

Eguerdia, bazkaldu ondorengo siestarako garaia da eta horregatik etzaniko kontzertua izaten da ordu bietatik hiruretara. Atzokoan Paul Tingenek eskaini zuen «siesta musikala». Oreka zirku eskolaren egoitzan lastairatxoetan goxoki etzanda zegoen jendea musika entzuten. Pausatu eta geroko paseotxoa ibilbide artistikoaren eskutik ekartzen du jaialdiak. Atzokoan musikari, dantzari eta irakurleek toki ezberdinen ezagutza artistikoa proposatu zuten. Egunero ekintza ezberdinek beteko dituzte arratsaldeak, zinemak zein kontzertuek.

Kontzertuak etxeetan

Eguneroko bizitzaren ohiko erritmoari jarraiki, eguna etxean bukatzen da, lasaiki eserita atseden hartzeko eta eguneko bizipenak barneratzeko. Erritmo ezberdinak aintzat hartuta, gauetan etxeetan egindako kontzertuak dira nagusi. Horren erakusgarri, atzo hiru etxetan egindako kontzertuak; giro ezberdinek eta artisten mundu ezberdinek bat egin zuten horietan ordu erdiko hiru kontzertutan. «Etxez etxe ibili gara; biziki poetikoa zen», azaldu zuen Beñat Achiarik. Bihar ere antzeko formula errepikatuko da poesia ere gaualdian sartuta.

Atzokoa Muscar Brigadierraren karrikako 10. zenbakiko eskaileretan hasi zen Bietan abesbatzak eskaini kontzertuarekin eta gero etxez etxe ibili ziren bestan parte hartu zutenak. Lucen etxean «Ibilaldi Rimbalidiar bat» eskaini zuten. Horren ondotik, Mariaren etxera joan ziren beste ordu erdiko kontzertuaz gozatzeko, eta han «Euskal Herriko kantu eta musikak» eskaini zituzten Beñat Achiary eta Michel Queuillek. Sophieren etxean bukatu zen musika ibilbidea Barkatu Bartoken eskutik. Emakume ahots finari lagunduz mandolinaren eta biolinaren doinuak entzun ahal izan ziren Santespiritu auzoko etxean.

Musika eta artea normalean kultur ekitaldien zirkuituetatik kanpo gelditzen diren toki askotara ailegatu dira eta ailegatuko dira Ethiopiques-i esker. Baina behin bidea irekita zabaldu besterik ez da egiten. Secours Catholiquera hurbildu ohi direnek atzokoa bezalako ekitaldi gehiago egin daitezen eskatu zuten: «Musika eta itxaropena gure artean izan nahi ditugu». «Giza sareak» eraikitzen hasi dira eta gaixoekin lan egiten duen erizain bat hurbildu zitzaiola azaldu zuen Fabien Noguek eta musika eriak dauden tokietara zabaldu beharko litzatekeela esan zion. Hasi besterik ez da egin, baina «sareak» eta bizikidetasuna abian direla nabarmendu nahi izan zuen Noguek: «Energia kolektiboarekin jendearen arteko konfiantza lantzen da eta igaro beharreko ate eta mugak elkarrekin zeharkatzen dira arriskuak hartuta».

Fitxa

Tokia: Baionako karrikak, dendak eta etxeak.

Data: Larunbatera arte (martxoak 7).

Webgunea:

www.ethiopiques.fr

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo