GARA > Idatzia > > Euskal Herria

«Isildu nahi gaituzten honetan, Olaztin, gazteok inoiz baino ozenago oihukatuko dugu»

p015_f01_111x111.jpg

Ainara Bakedano
Gazte Independentisten eleduna

Gazte nafar hau gazte independentisten eleduna izateaz gainera, bihar Olaztin egingo den Gazte Nafarrock jaialdiaren antolatzaileetako bat ere bada. Azken xehetasunak lotzen erotuta zebilen arren, tartea hartu eta ekitaldiaren nondik norakoez eta egoera politikoaz luze hitz egin zigun Bakedanok.

Oihana LLORENTE

Olaztin «independentziaren aldeko gazte olatua» eratzea da Bakedanok nahi duena. Argi du independentziaren alde lan egiteagatik errepresioaren jomugan dagoela, eta «desagerrarazi eta isildu nahi gaituzte, baina honen aurrean ozenago oihukatu behar dugu», esanez, bertaratzeko deia egin du gazte nafarrak.

Gazte Nafarrock egingo duzue bihar Olaztin. Zein da prestatu duzuen egitaraua?

Independentziaren alde ahalik eta gazte gehien biltzeko asmoz, manifestaldia, ekitaldi politikoa eta kontzertuak prestatu ditugu Olaztin. Arratsaldeko zazpietatik aurrera manifestazioa eta ekitaldia egingo ditugu, eta ondoren, 22.00etan Des-kontrol, Kale Eginez, Gatillazo, Habeas Corpus eta Garraxiren eskutik kontzertuak izango dira.

Honakoa hirugarren edizioa da. Nola sortu zen era honetako jaialdiak antolatzeko ideia? Zein helburu bete nahi ditu?

Hasieratik argi genuen Nafarroan independentziaren alde dagoen indar guztia biltzeko ekimen bat beharrezkoa zela; independentziaren aldeko gazte olatua irudikatu nahi genuen Nafarroan. Eta horrela sortu zen Gazte Nafarrock, duela hiru urte. Gure herrialdean gazte asko gara independentzia eta sozialismoaren alde antolatzen eta borrokatzen garenok, eta auzo eta herrietan bestelako jendarte eredu baten norabidean alternatibak eraikitzen ditugu. Helburua beraz, independentziaren aldarria kaleratu eta Euskal Estatu Sozialistaren bidean urratsak ematea da.

Zenbat jendek parte hartzen du halako jaialdia errealitate bilakatzeko?

Kopuru zehatza aipatzea zaila bada ere, gazte pila baten lanarengatik ez balitz, ezinezkoa litzateke horrelako ekimen bat burutzea: muntatzea, desmuntatzea, zerbitzariak... Ekimenaren helburuekin bat egitea da jaialdian lan apur bat egitera bultzatzen gaituena, eta denon konpromisoaz aurrera ateratzen dugu.

Urte gogorra igaro dute gazte nafarrek. Errepresioaren jomuga izan zarete hilabete luzeetan zehar, eta tortura testigantza gogorrak ere eman dira argitara. Hala, indarra beharrezkoa da era honetako jaialdiak antolatzeko, ezta?

Bai. Nafarroan gazte independentistok ongi dakigu errepresioaren jomuga izan garela independentziaren alde egiten dugun lanarengatik, auzo eta herrietan alternatibak eraikitzeagatik eta gure herria zapaldu eta ukatzen duten Konstituzio, Foru Hobekuntza eta bestelako kateak hausteko egin behar dena egiteko prest gaudelako. Eta horregatik kolpatzen gaituzte. Helburua argia da, gu desagerraraztea. Horregatik inoiz baino garrantzitsuagoa da Olaztira joatea: isildu nahi gaituzten honetan inoiz baino ozenago oihukatu behar dugu.

Testuinguru gogorra, baina dinamika ugari dira abian Nafarroan barna. Nolakoa da Nafarroako gazte mugimendua?

Nafarroako gazte mugimenduak lan aktiboa egiten du, dinamika ugaritan ari da buru-belarri: proiektu txikitzaileen aurkako borrokan, Bardeako tiro eremuaren aurka, euskararen alde, patriarkatuaren kontra, herriko gaztetxe zein gazte asanbladetan antolatuz, ikastetxeetan ikasleon eskubideak aldarrikatuz, herriko proiektu komunikatibo edo etxebizitza eskubidearen aldeko plataformetan... Asko dira indarrean dauden dinamikak.

Gazte Nafarrock-ek gazte independentistek abian duten «Lotu independentziara» kanpainaren ildoari jarraitzen dio, ezta?

Urtarrilean hasiera eman genion Euskal Herri osorako independentziaren aldeko dinamikari, eta horrekin jarraituko dugu. Gazteoi urrats bat harago joatea dagokigu, independentziara lotu behar gara eta hori izango da gure lana. Apirilaren 10etik 12ra zita garrantzitsua izango dugu, Gazte Martxa alegia. Bertan batuko gara herri honetako gazteria independentista, Amaiurretik Donibane Garaziraino, muga inposatuen gainetik Euskal Estatu Sozialistaren alde gauden milaka eta milaka gazte.

Eta zer ekarpen egin nahi du kanpaina horrek?

Argi dugu bi estatuek Euskal Herriaren aurka duten asimilazio estrategiek porrot egin dutela. Honen aurrean Estatu espainola, PSOEren eskutik, beste iruzur autonomista bat egiten ari da: iaz Nafarroan UPNrekin, eta orain, berriz, EAEn hauteskundeen emaitzak kudeatuz egingo duena. Honen aurrean, «Euskal Herria ez dago salgai» dinamika bultzatzen ari gara, herri honen gehiengoaren iritzia baita estatuen baitan ez dagoela bizirauterik, eta hortaz, proiektu politiko oro gauzagarri egingo dituen agertoki demokratikoa galdegiten dugu.

Estatu frantsesean ere azkartu egin da sektore abertzaleen kontrako errepresioa. Ipar Euskal Herrian asimilazioaren aurka urratsak ematen jarraituko dugu, «Hau ez da Frantzia Hau Euskal Herria» dela aldarrikatuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo