Mugarik Gabeko Medikuak erakundeko bost langile bahitu dituzte Darfurren
Sudango presidente Omar al-Bashir atxilotzeko nazioarteko aginduaren ostean, egoera okerrera egiten ari Darfurren. Bertatik nazioarteko GKEak kanporatu ondoren, atzo Mugarik Gabeko Medikuak erakundeko bost langile bahitu zituzten.
GARA |
Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) gobernuz kanpoko erakundeko Belgikako saileko bost langile bahitu zituzten atzo Darfurren, gerra zibilean dagoen Sudango mendebaldeko eskualdean, hain zuzen.
Bahituen artean frantses bat, kanadar bat eta italiar bat daude. Beste biak, berriz, Sudango herritarrak dira.
Belgikako Atzerri Ministerioak MSFko langileak bahituta dituztela baieztatu zuen. Italiako Atzerri Ministerioak, berriz, bahituetako bat herrialde horretako hiritar bat zela.
«Armak zituen gizon talde bat asteazkenean, 20.00etan, [18.00etan Euskal Herrian] MSF-Belgikak Saraf Umran dituen bulegoetan sartu ziren», azaldu zion France Presse agentziari NBEk eta Afrikako Batasunak (AB) Darfurren dituzten tropen (Minuad) eledun Kamal Saikik. Al-Fashir-etik, Darfur iparraldeko hiriburutik, 200 kilometro mendebaldera dago Saraf Umra hiria.
«Nik dakidala, Darfurren giza-laguntzan aritzen diren nazioarteko langileak bahitzen dituzten lehen aldia da», gaineratu zuen Saikik. Eskatuz gero, Minuad laguntzeko prest dagoela nabarmendu zuen tropa horietako eledunak.
Darfurreko errepideetan bahiketak izatea ez da aparteko gauza, baina ez da ohikoa bahitutakoak atzerritarrak izatea, eta are gutxiago giza-laguntzan aritzen diren taldeetako langileak. 2005eko otsailean jazo zen horrelako azken gertakaria; matxinoek bi britainiar atxilotu zituzten orduko hartan. Ordu gutxira aske utzi zituzten.
Joan den urrian, berriz, petrolio konpainia batentzat lan egiten zuten bederatzi txinatar bahitu zituzten. Horietako bost hil eta beste lauak aske utzi zituzten.