Egunak ez al dira egunero egun?
Dorleta URRETABIZKAIA
Aktorea eta idazlea
Euskal Herriko herri eta hirietako emakume, gizon eta haur ugari bildu ziren martxoaren 8an emakumearen lekua egungo gizartean aldarrikatu nahian. Egun honen sorrera aspaldikoa da, 1857. urtekoa, New Yorkeko ehungintza lantegi bateko emakumeak euren eskubideak aldarrikatzeko matxinatu ostean, fabrikari su eman eta emakume haiek guztiak hil zirenekoa. Orduz geroztik, historian zehar, gertakizun ugari izan dira, baina 1914. urtera arte, ez zen martxoaren 8a Emakume Langilearen Egun aldarrikatu. Baina ez zen lantegietako grebei esker izan, emakumeari boto eskubidea eman zitzaiolako baizik. Alabaina, gurean ez zen egun hau ospatzerik izan 1977. urtera arte, Franco hil zen arte.
Eta antzerkiaren eta gizartearen arteko lotura estua, egoera honetan ere, oso argia da. Antzerkiaren sorreran, emakumeek ezin zuten oholtza gainean aritu, emakumez jantzitako gizonezkoak izaten ziren emakumeak, gizarteak ez baitzuen begiko emakumeak oholtza gainera igotzea. Eta, horrez gain, emakumeen inguruko gaiak ere ez ziren oholtza gainean jorratzen. Ez zen emakume protagonista eta horrelakorik ere. Antzerkiaren historian, emakumea, zentzu zabalean, ikusezina izan da beti. Eta ikusezintasun horri buruz mintzatuko zaigu laster agertoki gainean ikusi ahal izango dugun Vaiven taldearen «El club de las mujeres invisibles» antzezlana. Baina noan harira, izan ere, egun honekin bat etorriz, asteburuan zehar, bi antzezlan ikusteko aukera izan baikenuen Donostiako Antzoki Zaharrean, Chejoven «Tío Vania» antzezlanaren Daniel Veronesek berridatzitako «Espía a una mujer que se mata» antzezlana eta Donostiako Udaleko Berdintasun sailak antolaturiko «Maniquís» ikuskizuna.
Eta, Emakumearen Eguna, egun guztiak direla aldarrikatuz, Donostiako Club aretoan antolaturiko irakurketa dramatizatua ere izan genuen. Aizpea Goenagak idatzi eta Edi Naudok zuzenduriko istorio hau, arrainontzi batean preso bizi den eta, aldi berean, bertatik atera nahi ez duen emakume baten istorioa da, tratu txarrak jasaten dituen kontraesanez beteriko emakume baten istorio garratz, krudela, eta, zoritxarrez, egungo gizartean behin eta berriro gertatzen den egoera tamalgarri bezain erreala.
Alfonso Sastrek ere izan zuen Victoria Eugenian duela berrogeita hiru urte idatziriko testuaz gozatzeko aukera. «La Taberna Fantástica». Eta 1985ean, antzezlanak lehen aldiz argia ikusi zueneko zuzendari beraren eskutik gainera, Gerardo Mallaren eskutik. Eta euskaldunez ari naizela, asteburu honetan ere izango dugu oholtzan beste euskaldun baten bizitzaz gozatzeko aukera; Jose Manuel Ibar, hots, Urtainen bizitzaz. Animalario taldekoak, Juan Cavestanyren testu eta Andres Limaren zuzendaritzarekin, hutsera jauzi egin zuen apurtutako panpina baten istorioaz baliatuko dira, politikaz, odolez eta gezurrez beteriko nazio ustel bati buruz hitz egiteko. Heriotzaz mintzatuko zaizkigu Titzina taldekoak ere Gazteszenan, euren «Exitus» lanarekin. Heriotzaren inguruan bilduko diren lau pertsona oso desberdinen ikuspuntuetatik abiatuz, taldearen estilo tragikomiko, dinamiko eta poetikoaz gozatzeko aukera ederra.
Maiteminduen egunetik, emakumearen egunera jauzi egin genuen. Eta emakumearen egunetik, aitaren egunera goaz. Eta aitaren egunetik, antzerkiaren egunera. Eta niri galdera datorkit berehala. Ni maiteminduta nago, eta egunero nago maiteminduta. Ni emakumea naiz, eta egunero naiz emakume. Aita, egunero dut aita. Eta antzerkia ere, egunero da antzerki. Zer dela eta, berezkoak diren gauza horiek guztiak nabarmendu behar hori? Egunak ez al dira egunero egun?