GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Normaltasun bitxia, elkartasuna fiskalaren eta Ertzaintzaren bidez ezabatu nahi duena

Euskal Herriak 750 preso politiko baino gehiago ditu, eta kopuru horrek goranzko joera du. Presoen artean herrialde eta eskualde guztietako herritarrak badaude ere, badira zenbait herri azken hamarkadetan beren biztaleriaren ehuneko ikaragarria kartzelan izan duten edo oraindik ere dutenak. Arrasate da horietako bat. Orain arte herriko hesi batean arrasatear preso ugarien argazkiak zeuden ikusgai. Madrilgo agintariei, ordea, ez zaie normala iruditzen argazki horiek han izatea eta atzo, Auzitegi Nazional espainoleko fiskalaren aginduz, Ertzaintzak kendu egin zituen. Elkartasuna ez zaie normala iruditzen, bai ordea, hainbeste arrasatear Espainia eta Frantziako espetxeetan sakabanatuta, ihes eginda edo auzipetuta egotea. Galde diezaietela Arrasateko herritarrei normala iruditzen zaien errepresio gero eta itogarriago hori, bertako alkatea bera ere harrapatzen duena. Edota hori al den gatazka politikoari irtenbidea bilatzeko modu egokiena.

Ez omen da «normala» Arrasateko hesi horretan herriko presoen argazkiak egotea. Eta normala al da bizilagun zigortuen argazkiak ezabatuta herri horretako milaka lagunen elkartasuna ere ezabatuko dutela uste izatea?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo