GARA > Idatzia > > Ekonomia

Gipuzkoako zaharren egoitzetarako lan hitzarmen propioa aldarrikatu dute

Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileentzat lurraldeko lan hitzarmena negoziatzeko eskatu zuten atzo Donostian egindako manifestazio batean 150 pertsona inguruk. Soldatak handiagoak eta gehiegizko lan erritmoan hobekuntzak aldarrikatu dituzte sindikatuek.

p026_f01_199x116.jpg

GARA|

LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, 150 pertsona inguruk elkarretaratzea eta manifestazioa egin zuten atzo Donostian. Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileen lan hitzarmenaren negoziazioa blokeo egoeran dagoela salatzea izan zen atzoko protestaren helburua. Gaur egun, Gipuzkoan, 3.000 langile inguru ari dira lan-arlo honetan.

Lehenik, goizeko bederatzietan elkarretaratzea egin zuten Gipuzkoako Batzar Nagusien egoitzaren parean, batzarkide talde guztiek -EAJ, PSE, EA, PP, EB eta Aralar- osoko bilkura zuten egunean. Ondoren, manifestazioa egin zuten Gipuzkoako Patronalaren, Adegiren, egoitzaraino. Bidean euren aldarrikapenak zabaldu zituzten, bai oihuen bidez, bai bi pankartetan idatzitako leloen bidez.

Apenas negoziaziorik ez

Gipuzkoako UGTko Zerbitzu Publikoetako arduradun Manuel Zamoranok gogor salatu zuen 2008. urteko abenduan amaitu zela sektore honetako hitzarmenaren iraunaldia, eta hori berritzeko negoziazioak oraindik apenas hasi ere ez direla egin.

Zamoranok azaldu zuenez, sektoreak ez du lanuzterik deitu nahi euren egoera salatzeko, egoitzetako erabiltzaileei kalte egingo liekeelako, gainera. Bizi duten egoerak, baina, Zamoranok azpimarratu zuenez, aldaketak behar ditu, hala nola soldatak handitzea eta langileek -emakumeak gehienak- jasaten dituzten gehiegizko lan erritmoak hobetzeko hainbat hobekuntza gaineratzea.

Zamoranok adierazi zuen Patronalak «Gipuzkoako lurraldeko lan hitzarmenik» ez duela nahi erakutsi duela bere jarrerarekin, eta nahiago duela hemen ere Estatu espainolean erabakitako lan hitzarmenak ezartzea. Hitzarmen horien arabera, oinarrizko soldatak 800 eta 900 eurokoak dira, eta Zamoranok azaldu zuenez, «horrekin, Gipuzkoan dagoen bizi mailan bizirautea ezinezkoa da».

ELA sindikatuak ez zuen bat egin atzoko protesta egunarekin. Gatazka honen aurrean sindikatu honek plataforma propioa aurkeztu du, eta bere kabuz hainbat mobilizazio antolatu ditu azken asteotan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo