GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Binakako Txapelketa

Jendearen kezka nagusia aldatzen joan da bidean

«Zer maila emango du Mendizabalek?» galdetzetik «zer maila emango du Aimarrek?» aztertzera pasa gara.

p039_f02.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Kirol modernoak gauza hauek ditu. Aurreneko ligaxkan zortzi partida gogor jokatu arren, eta bigarren fasean samurragoak izan ez diren beste bi neurketa «pairatu» ondotik, Olaizola II.a-Mendizabal II.a eta Bengoetxea VI.a-Beloki bikoteek igandean karta bakarrera jokatuko dute Binakako Txapelketaren finalean sartzeko txartela. Galdera argia da: horrenbesteko tratuak merezi ote zuen azkenean egun bakarrean dena erabakitzeko? Erantzuna ere garbi dago: antolatzaileei eta pilotariei negozioa ongi atera bazaie, gu ez gara kexatuko, bidean partida on batzuk gozatu baititugu, eta hori ere ez da gutxi!

Eta igandera begira, beste galdera bat nagusitu da zaleen artean. Txapelketa hasieran galdera normalena honako hau zen: zer maila emango ote du Oier Mendizabalek? Orain, berriz, kezka beste hau da: zer maila emango ote du Aimar Olaizolak? Izan ere, iazko bikote txapeldunean goizuetarrak beharko luke gidari. Bera da partida erabaki dezakeena eta kantxa gainean nabarmendu daitekeena. Futbolean esaten den moduan, «kalitatea» daukana.

Orain aste batzuk jakin genuenez, Aimarrek sorbaldan arazo fisikoren bat dauka. Ez da erraza arazo horiek zenbaterainoko eragina izan dezaketen zehaztea -«ez nago ehuneko ehunean, denok izaten ditugu gorabeherak» aipatu zuen atzo-, eta, azken partidetan ez du aipatu bereziki minik duenik. Baina beste urte sasoi batzuetan ikusi izan diogun txisparik erakutsi ez badu, aurkariek jokoa atzera zuzentzen dutelako ere izan daiteke. Eta horixe izan zen atzoko material aukeraketan gehien jorratu zen gaia: atzelarien lana.

Ezer esan gabe, dena esan

«Seguru nago Oier Mendizabalek ongi erantzungo duela igandean ere. Oso txapelketa ona egiten ari da. Aimar da agian txispa gehiegirik gabe ikusi duguna, baina Oier maila ederrean ari da. Baina argi dago lau pilotarietatik batek huts egiten badu, partida hortik apurtu daitekeela», aipatu zuen Oinatz Bengoetxeak gehiegi esan gabe baina dena argi utzita. Alegia, Aimar ez dagoela bere onenean, baina badaezpada ere, aurkariek nahiago dutela atzera jokatu. Zerbaitegatik izango da.

Eta zer dio interesatuak, Oier Mendizabalek? Ez dela ezer berria, ohituta dagoela lan klase horietara: «Txapelketako partida klase hauetan beti saiatzen zara beste bikoteko atzelariari jokoa kargatzen, berak hutsik egiten ez badu ere, zure aurrelariak aukera gehiago izango dituelako. Normala da. Ni ongi nago, aurreko astean oso partida ona egin nuen eta finalerdietako azken norgehiagoka honetarako ere gogoz nago. Azken aukera da, gogoz eta ilusioz nago».

Baina horren neurketa garrantzitsua irabazteko defentsa soila ez da aski. Erasoan ere pentsatu beharra dago, batez ere, Ruben Belokik aurreko igandean eman zuen erakustaldia ikusi ostean: «Lanerako prest etorri beharko dugu. Buzoa jantzi eta neurketa oso ongi landu beharko dugu. Ea piloteoan gauzak zail jartzen dizkiegun, ea Belokik eroso ez jokatzea lortzen dugun, eta ea Aimarrek aurreko koadroetan tantoa amaitzeko aukerak izaten dituen».

Belokik berak, bestalde, garrantzia kendu nahi izan zion aurreko igandean Eibarren jokatutako partida ederrari eta presioa aurkariei bideratu zien. «Neurketa oso zaila izango da. Ezin dugu ahaztu beraiek direla iazko txapeldunak. Material bizia aukeratu dugu, bestela Aimarri tantoa sartzea oso zaila izango zaigulako», argitu zuen.

Dena prest, beraz, igandeko norgehiagoka horretarako, eta nahi duenak sarrerak lortu ahal izango ditu oraindik, 20 eta 40 euro artean. Hori bai, Donostiako Atano III.a pilotalekuan Labriten baino jende gehiagorentzako lekua izanik, ez da erraza izango frontoia erabat betetzea. Ez da urruti ibiliko, hala ere.

JOKOA, ATZERA

Aimarrek «ehuneko ehunean» ez dagoela onartu zuen, eta Oinatzek goizuetarra «txisparik gabe» ikusi duela esan zuen. Hala ere, nahikoa argi geratu zen leitzarrak eta Belokik jokoa atzera bideratuko dutela. Zerbaitegatik izango da.

PILOTAK

Ezusterik ez. Olaizolak eta Mendizabalek pilota motelagoak aukeratu zituzten; Bengoetxeak eta Belokik azkarragoak. Ruben Belokik aipatu zuenez, «material bizia behar dugu, bestela Aimarri tantoa sartzea zaila izango da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo