GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Baionako ospitaleak berrantolaketa plana jarriko du abian

GARA |

Baionako ospitaleko zuzendari Angel Piquemale eta bertako Mediku Batzordeko presidente Frederic Martineau doktoreak azken hilabeteetan arazoak izan dituzten onkologia eta larrialdietako sailetako berrantolaketaren berri eman zuten. Bi zerbitzuetako berrantolatzeaz gain, berritzen ari den ospitale osoan egingo dituzte berregokitzapenak.

Minbizia tratatzen duen zerbitzua soilik onkologia saila ez dela nabarmendu zuen ospitaleko zuzendariak, onkologiako zuzendari Dominique Larregain doktoreak bere pazienteak aurrefabrikatuetan ezartzearen kontra egin zituen adierazpenei erantzunez. Horrez gain, eraikin horiek duela hamabost urtetik erabiltzen direla eta «egoera hobe batera iristeko» besterik ez dela azaldu zuen.

Larrialdietan izan zen greba hizpide hartuta, Piquemalek esan zuen lanpostu eskasia ez zela zerbitzu horretako arazo bakarra, pazientea hartzeko momentuan dagoen antolaketa ere arazotzat jo zuen.

Osasun Ministerioak ezartzen dituen arauekin bat egiteko, zentroko batzordeak minbizia tratatzen duten zerbitzu ezberdinak elkartzea deliberatu du. Bat egingo dute zerbitzu berri horretan, bai eguneko kimioterapia zerbitzua eta egun sail ezberdinetan tratatzen diren ospitalizazioak. Minbiziaz arduratuko den antolakunde horretako koordinatzailea Franck Audemar doktorea izango da.

Larrialdietako zerbitzuaren berregituraketa orokorra lau ardatzetan oinarrituta antolatu dute: langileria birdoitzea, medikuen eta beraiekin lan egiten duten pertsonen talde koordinazioa hobetzea eta azkenik lan zamaren araberako egokitzapena egitea.

Zerbitzuan izan zen grebaren ondoren, Piquemalek jakinarazi zuen erizain eta andazain lanpostu berri bana sortuko zuela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo