GARA > Idatzia > > Kultura

«Gu gira» ikuskizuna

Euskal kantagintzaren nostalgia

Antton Valverde, Gorka Knörr, Gontzal Mendibil, Iñaki Eizmendi, Urko, Niko Etxart, Mixel Ducau eta Txomin Artola, 70eko hamarkadan euskal nortasuna musikaz jantzi zuten zortzi ordezkari. Guztiak oholtza berean berpiztuko dira, «Gu Gira» kantaldian, apirilaren 5ean Kursaal aretoan. Lehenaz eta orainaz aritu zaizkigu Urko, Etxart eta Artola.

p044_f01_222x148.jpg

Ane ARRUTI - Anartz BILBAO | DONOSTIA

 
Niko Etxart
«Bihotz taupada bakarrean mugitzen zen bai kantaria bai entzuleria»

Ez dira atzo goizean elkar ezagututakoak apirilaren 5ean Kursaal aretoa nostalgiaz beteko duten kantariak. Niko Etxart rockero zaharra da bata. Zuberotarraren hitzetan, «kantaldi honetan agertuko garenok euskal kantagintza modernoaren bigarren belaunaldia izan ginen». Eta oso garai oparoa ezagutu zuten, «leherketa bat. Euskal kantua modan zen Euskal Herriko bazter guztietan, eta horrek hamabost urtetan oso maila ederra atxiki zuen», entzuleak beste aro batera igaro ziren arte. «Normala da hori, gainera Hego Euskal Herrian jendea moda jarraiki zalea da oso». Hala ere, ez da ahaztu behar «Gu gira» kantaldian agertzen direnen artean, badirela batzuk gelditu ez direnak -Niko Etxart bera-, beste batzuk kantatzeari utzi zioten arren. «Baina uste dut garai hartako fedearekin kantatzen dugula beti. Gure kantuak jada herrikoi bihurtu dira eta Euskal Herriko memorian daude», horrek asko errazten du Kursaaleko festa.

Egun, Etxarten ustez, «euskal kantagintza sobera ghetto batean sartua da, eta ez du aurrera egiten». Euskal kulturan, beste edozein kulturatan bezala, «noizbehinka modan zara, eta modu berean desmodatzen zara, eta hori ez da txarto hartu behar, normala baita». Baina badira oso talde gazte onak, «eta beste boom bat gertatuko da, guk bizi izan genuena bezalakoa».

Kursaaleko kantaldian parte hartuko duten musikariek gaztetan egindako ekarpena aipatuta zera dio Nikok: «Gu euskarazko kantagintzan itxura moderno bat ematen ausartzen hasi ginela uste dut. Gure herrian kantu herrikoiak erderazkoak ziren, edo abesbatzak, otxoteak..., eta guk gure freskotasuna eta gaztetasuna ekarri genuen». Gogoratu behar da, «politikoki ere garai indartsuak zirela, lilura sortzen zutenak». Entzuleriari dagokionez, «gugandik oso hurbil zen», eta oso gaitza da hori lortzea, bat-bateko hurbiltasuna kantu egile eta publikoaren artean. «Guk zortea izan dugu, hori bizi izan dugu, bihotz taupada berean mugitzea bai kantariak bai publikoa».

Garai haietan, orain kasik berrogei urte, erraza zen kartel berean lau bost musikari ezagun batera aurkitzea. «Gero euskal kantagintzan bakoitzak bere taldea egin du eta sofistikazio batean sartu gara». Etxartek noizbehinka egin ditu kontzertuak Mendibil, Artola edo Ducaurekin, «baina ez lehen bezala». Berak aitortzen duenez, «euskal artistak berekoiak dira, beste edozein munduko beste artistak bezala. Ego handia dugu -artista izateko ego pixka bat behar da-, baina elkarrekin biltzen garenean oso momentu xarmantak pasatzen ditugu».

Zuberotarra oraindik ere sarri igotzen da oholtza gainera. «Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko kantagintzaren panorama oso diferentea da. Nik zorte handia dut, Ipar Euskal Herrian edozein herri txikik aukeratzen baikaitu kontzertuak egiteko. Gainera, «bi errepertorio eramaten ditut, bat nire aita Dominika Etxart (76 urte ditu) eta koinatarekin, Euskal Herri osoan zehar», eta Hapa Hapa taldearekin bestea. «Hauekin ene rocka jorratzen dut sekulako indarrarekin. Eta aurki disko berri bat nahi nuke prestatu, abendurako edo, jada kantuak prest dira-eta».

Egungo musika taldeekiko «interes handia izan dut beti, euskal kantagintzaren ingurukoa». Oso ongi egindako musika ikusten du Nikok, Hego nahiz Ipar Euskal Herrian. «Ipar Euskal Herrian neskak dira oso fuerte fuerte, Amaren Alabak, Izarrak taldea..., eta oso gauza interesgarriak egiten dituzte». Gaur egun euskal kantagintzak adar asko ditu eta «euskaraz aritzen den mota askotako musika dago, oso trebeak diren musikariekin gainera. Beste boom bat izango da laster, dudarik ez».

Bukatu aurretik, altzürüküarrak atzera begiratu du berriro ere. Kursaaleko kantaldiak «puntu nostalgikoa izanen du, noski. Baina niretzat oso gaitza da hori baloratzea, nik kantatuko ditudan errepertorioko kantuak, `Izan gira, Euskal Herrin rockanrollin' esate baterako, astero kantatzen baititut, eta nire kasuan ez baita etenik izan azken berrogei urtetan». Baina kasu honetan, «emoziozko karga hori ohi baino handiagoa izango da, bai».

Urko
«Garai hartan, kasik, kantariak baino, politikariak ginela esan daiteke»

«Gu gira» ikuskizunaren aurkezpena bere urtebetetzearekin batera egokitu zaio Urkori, atzo hirurogeita bat urte bete baitzituen donostiarrak. Adinean aurrera eginagatik, ondo gogoan du Urkok 70eko hamarkada. «Garai hartan ia-ia ez ginen kantariak, politikariak ginen, eta musikarekin muntatzen genituen gure mitinak. Garai arriskutsuak eta gogorrak ziren eta beti bukatzen genuen polizia edo guardia zibilaren aurrean gainera». Kantarien artean, berriz, «anaitasun izugarria zegoen, eta gaur egun ere oso lagunak gara». Oso gutxitan elkar ikusi arren, «garai hartan hain sakonak izan ziren harremanak, ezen oraindik ere poso handia gelditzen da».

Ez dira harrezkero hiru hamarkada alferrik igaro, eta egun «dudarik gabe, musikari gisa hobeto gabiltza. Lehen beti presiopean, eta oso politizatua zegoen dena, eta gu nahi eta nahi ez politikarien funtzioak egiten. Orain, berriz, askatuago gaude eta bakoitzak bere lana egiten du». Hala ere, eta garai haietako kantarien ekarpenari begira, euskararen alorrean nabarmentzeko moduko lana burutu zutela uste du Urkok: «Esan bezala, gizarte eragileak ginen, eta hasi ginenean asko lagundu genuen ikastolak finkatu eta euskara bultzatzen gure kantu eta kantaldien indarrarekin».

Aspaldiko garaiak gogoratzearekin batera, egun Urko zertan dabilen ere jakin nahi izan dugu. «Orain bi urte inguru agertokiak bolada baterako uztea pentsatu nuen, gauzak kanpotik ikusteko. Nik beti mantendu izan dut artista oholtza gainean hiltzen dela non hil ez duenean, eta beharrezkoa nuen distantzia hartze hori». Aurten baina, «berriro poliki-poliki sartzen ari naiz, eta udazkenean Argentinara jotzera joateaz gain, neguan kantu berriekin disko bat grabatzeko asmoa daukat, eta hurrengo urtean nire mailan hamar-hamabi kantaldi egitekoa, taldearekin beti ere».

Behin egungo egoerara bueltatuta, gaurko euskal musikaren egoeraz ere mintzatu zaigu eskarmentu handiko kantari donostiarra. «Uste dut oso mugimendu musikal aberatsa dagoela orain. Momentu honetan kantautore izatea oso zaila da eta pixka bat baztertuta dago arlo hori, baina taldeak dira nagusi, eta ni oso pozik nago, bidea hori da-eta. Talde asko eta oso onak dauzkagu hemen». Aspaldiko garaietatik, «bakoitzak bere helmugak dauzka», baina aurrerapauso izugarriak eman dira, «eta egun han daude politikariak eta hemen gaude gu, musika egiten».

Bukatu aurretik, Kursaaleko ikuskizunaz galdetu diogu Urkori. «Nostalgikoa izango da noski, gu Jurasikoko kantariak garelako, baina Kursaala beteko da, ikusiko duzu».

Txomin Artola
«`Ez dok amairu' ikusi nuenean konturatu nintzen nik hori egin nahi nuela»

Txomin Artolak oso gogoan ditu musika munduan emandako lehenengo pausoak eta argi du zein izan ziren bere aurrekariak. Folk doinuekin hasi zen, baina abestu, ingelesez abesten zuen. «60ko hamarkadan gustatzen zitzaizkidan kantarien abestiekin hasi nintzen: Bob Dylan, Paul Simon... Ingelesez abesten nuen eta zerbait serioagoa egitea nuen buruan. Hemezortzi urte nituela Ez dok amairu taldea osorik ikusteko aukera izan nuen. Orduan hasiberriak ziren eta garbi ikusi nuen nik hor sartu nahi nuela. Euskalduna nintzelako, hemen jaioa, euskaraduna... Hori zen nire tokia. Ingelesez egitekotan kanpora joan behar nuen, barregarria zen hemen ingelesez egitea. Beraiek pertsonalki ezagutzen hasi nintzen: Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Joxean Artze... Oso garrantzitsuak izan dira niretzat, eredu bat. Baina ez eredu artistiko bat bakarrik, itsasargi baten modukoak».

70eko hamarkadako «bigarren belaunaldi» indartsu hartako partaide izan zen Artola. Azken urteetan, ordea, jasan duten ahanztura eta isilune administratiboa aipatu izan dute zenbait musikari garaikidek. Artolaren ustetan, bilakaera naturala gertatu da: «Garaiak eboluzionatzen ari dira, eta beharrak eta eskaerak ere bai. 70eko hamarkadan beste garai batean bizi ginen, egoera konkretu batean, eta jendeak beste zerbait behar zuen, batez ere, euskara eta mugimendu guztia zapalduta zegoelako. Gure bitartez, erantzun hori pixka bat biderkatu egin zen. Gero jende gaztea bizkortzen hasten da eta publikoa ere aldatu egiten da». Hala ere, musikaren merkatua ardoarekin alderatuz, guztia uztartzea posible dela uste du: «Ardo gaztea oso ona da, baina pixka bat zahartutakoa ere ederra da. Gurekin ere berdin izan beharko litzateke: bai musikan, bai artean... jende berria sartu eta lehengo klasikoek ere eduki dezatela lana eta beraien espresiobidea».

Gaur egun musika munduak bizi duen egoerari buruz, gauzak oso zail daudela dio Artolak, «argi dagoena da, nik ezagutzen dudan jende gehiena kexatu egiten dela». Hondarribitarraren ustetan, teknologia berrien bidez musika bizitzeko modua aldatu da gehienbat: «Internet edukitzeko aukera bera sinetsezina da. Jendearen beharrak dispersatu egiten dira, eta jendeak ez dauka kantaria zuzenean ikusteko beharrik ere. Nik, ordea, badaukat itxaropenik. Beti gustatu izan zait nire idoloak, nahiz eta euren diskoak eduki, zuzenean ikustea. Eta uste dut gurekin hori suspertu behar dugula, jendeari hori eman. Noski ez direla bilduko lehen kantaldietan biltzen ziren adina, baina etortzen den jendea kontent atera dadila. Guk zerbait eskaini eta entzuleak, ziur egon, jasoko dutela. Benetan merezi du zuzeneko bat

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo