Nazioarteko 148 lan lehiatuko dira aurten Animabasaurin
Hogeita hamar herrialdetatik ekarritako 300 lan eskainiko ditu Animabasaurik aurtengo edizioan, eta horietatik 148k hartuko dute parte lehiaketan. Jaialdia martxoaren 20an hasiko da, euskarazko «Munduari bira, doan!» filmaren emanaldiarekin.
GARA | BILBO
V. Nazioarteko Animaziozko Zinema Jaialdia izango da Basaurin martxoaren 20tik 27ra bitarte, eta Alemania izango da aurtengo edizioan herrialde gonbidatua. Guztira 30 herrialdetatik ekarritako 300 lan proiektatuko dira, eta horietatik 148 film luze eta laburrek hartuko dute parte lehiaketan. Animabasauriko zuzendari Maria Jesus Diezek prentsaren aurrean azaldu zuenez, guztira hamar izango dira lehian sartuko diren film luzeak, 60 izango dira 35 milimetrotan grabatutako film laburrak, eta 74, DVDan egindakoak. Besteak beste, Iran, Israel, Txina edo AEBetatik ekarritako lanak izango dira ikusgai.
Diezen aburuz, oraindik ere marrazki bizidunak haurren kontua direla uste bada ere, edizio honetan aurkeztuko diren animaziozko film laburrak helduei zuzenduta daude, baita Animabasaurin aurkezten diren produkzioen erdia ere. Besteren artean, Basauriko Udalak, Lakuako Gobernuak, Aldundiak eta BBK-k babestutako jaialdiak, Alemanian sortutako zinemaren erakusketa bat egiteaz gain, Jean-Paul Walravens -Picha ezizenez ezagunagoa- zuzendari belgikarrari atzera begirako ziklo berezia eskainiko dio. Omenaldi hori bera jasoko du Halas and Bathchelor Cartoon Films marrazki bizidunen estudio britainiarrak ere. Ekoizle horrek, esaterako, «Animal Farm» filma egin zuen, hain zuzen, 1954an George Orwellek sortutako «Abereen Etxaldea» liburuan oinarritutakoa.
Sekzio berezia lehenengoz
Animabasaurik hilaren 20an ekingo dio edizio berri honi oraindik zinema-aretoetan estreinatu gabe dagoen «Munduari bira, doan!» euskarazko pelikularekin, eta aurtengoan lehendabiziko aldiz marrazki bizidunen telesailei eskainitako sekzio berezia izango du jaialdiak. Bertan, bost herrialdetako sei sorkuntza eskainiko dira.
Beste berrikuntza batzuen artean, Hego Amerika osoan arrakasta handia lortu duten zortzi film laburren proiekzioa izango da. Horrez gain, Cartoon D´Or, Europan egiten den marrazki bizidunen lehiaketa ospetsuan, sarituak izan diren azken lanak eskainiko dituzte Basauriko jaialdian.
Hainbat lurraldetatik Euskal Herrira bidaiatuko duten zortzi adituk osatuko dute aurtengo epaimahaia, eta beraiek izango dute edizio honetako sariak nortzuk jasoko dituzten erabakitzeko ardura. Film luze onenak 8.000 euroko saria jasoko du eta, film laburrik onenak, 1.000 euroko saria.