Julen MURGOITIO
Eskuma eskutik eskura
Bazkalosteko albistegien ondoren telebistan ematen duten foiletoi horietariko baten itxura hartu du egunotan euskal politikak, edo, hobeto esanda, hemengo politikak, zehaztasun gehiagorik gabe. Jainkoak sortu eta eurek bildu. Banderari benetan darion amodiozko hartu-emanek ideiei ustez leriekeen desberdintasuna bazter uzten duteneko foiletoia. Ezkerra eskuma bilakatu dutenekoa, eskumak eskuina izaten segitu duen bitartean.
Mahaikide sozialista bati ogia ezkerreko eskuan eta sardexka eskumakoan hartzeko esan eta akabua! platera hoztu arte geratuko zen ispiluaren aurrean esku biei begira, zein den ezkerreko eta zein eskumako asmatu gurarik. Pentsa! mahaikide izateko ere ohiturarik ez dute-eta!. Dena dela, horien nahasmena ez da berria, lehendik ere urteak eman baitzituzten jelkideekin eskutik hartuta, beroketa modura edo. Eskuma eskutik eskura. Aurrerantzean ez da ezkerra-eskuina gehiago izango beheko estatuan, izatekotan eskerra-eskuina izango da, balizko ezkerrari esker. Eta bitartean, etengabeko sartu-irten batean ari dira mudantza-kamioiak Lakuako inguruetan. Orain bat, orain beste bat. Diotenez, eremu horretan alokairuan luze bizi izan diren hainbati oilo-ipurdia jarri zaio egunotan, eta medikuen esanetan ez da, ez horixe, udaberriaren alergia kontua; alegia, mudantzak sortu dien duda-muda kontua litzateke, zer edo zer izatekotan. Badaezpadakoan ere, kandelak pizten dabiltza horiek han-hemenka, santutik santura, eta bada Arantzazura belauniko eta txitxirioak belaunetan igoa denik ere. Baina alferrik dabiltza ibili, aita santuak ez ditu momentuz Vatikanoan hartuko, aitaren eguna baliatuta Afrikan izan baita, ezker-eskuin, betiko apologia egiten. Ez, ez du hango gosea hizpide izan, hango egarria ere ez, ez eta hango lehengaien hemengoen lapurreta bera ere. Denbora faltan, seguruenik. Amen.
Kondoiak izan ditu hizpide; berak madarikatzeko, izan ere. Urbi et Orbi. Ez omen ditu gustuko ipinizu, ipiniozu moduko kanpainak. Seguruenik jakitun da bere gurasoek kondoia ezagutu izan bazuten beharbada sekula ez zuela Afrika zapalduko. Europako autogintzako patronala haserre egongo da honezkero, krisia krisi, kautxua Afrikako kondoigintzara bideratu nahian izan eta horra! elizarekin topo egin!. Amen. Omen. Han eta hemen.