GARA > Idatzia > Iritzia > Hemeroteka

EL DIARIO VASCO Jesus Mari Mendizabal 2009/3/17

Korrika...?

Koldo Izagirre: «Hizkuntza dinamikoa eta modernoa dugu euskara, baina egoera ahulean dago. Hitzak ez du hiriaren apaingarri izan behar, hiriaren oinarri baizik».

Dinamikoa. Aurreko astean poztu nintzen egunkari honetan hainbat euskaldun berriren notiziak leitzean. Zendoia ermuarrak zioen: «Aleman batek alemanez hitz egiten ez badu, nekez izango da zinezko alemana». Tereixak, A Coruñatik etorriak: «Seguru nago beste noranahi joan izan banintz ere, hango hizkuntza ikasiko nukeela». Rami izeneko bereber aljeriarrak, berriz: «Goizueta (ipini hemen beste edozein euskal herri) bezalako herri batera etorri eta euskara ez ikastea ez da zuzena, no es correcto. Euskarak integra-tzen laguntzen du». Hori da dinamismoa. Korrika doaz.

Modernoa. Joan den larunbatean EGAko Atariko Proba.Lau mila neska-mutil neuk ikusi nituen Donostian zintzo asko azterketa egiten. Bizkaian eta Araban beste bost bat mila gehiago aurkeztu dira; Nafarroan eta Iparraldean, bi mila... Guztira, hortaz, hamaika mila gazte moderno, euskara oinarri harturik hiri-bizitzarako. Hamaika beti da asko. Korrika doaz.

Ahula. Gure ahuleria da analfabeto alfer zaharrez betea dugula etxea; gure ahuleria da, kanpotik aspaldi etorritako erdaldun petoez gainezka dugula auzoa, enteratu nahi ezta hemen euskara existitzen denik ere. Eta gure trauma da, zortzi urtez behin, bat bakarra bihurtzen zaigula euskaldun praktikante eredugarri; bat bakarra, alajainkoa! Eta hori Lehendakari egindakoan. Lehen, Ibarretxe; orain, Patxi. Martxa koxkorra. Ez goaz, ez, korrika.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo