GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Hezkuntza sistema arrotzen aurka, Baterajotze Nazionala antolatu du IAk

Era bateratuan jarduteko, hitzordua jarri du IAk apirilaren 30erako; izan ere, ikastetxeek egindako ekarpen guztiek borroka bakar bati, hezkuntza sistema arrotzen inposizioaren aurkakoari, erantzuten diotela iritzi dio.

p017_f02_111x111.jpg

GARA |

Ikasturtearen hasieran iragarri bezala, ikasleak pairatzen ari diren egoera «latza» dela ohartarazi zuen Ikaste Abertzaleak (IA) mugimenduak atzo, Donostian egindako agerraldian.

Horri aurre egiteko, hilabete hauetan «hamaika borroka piztu» dituztela azaldu zuten IAko militanteek: «Hezkuntza zentro bakoitzak duen egoera espezifikotik abiatuta, borroka propioak garatu ditugu eremu ezberdinetan, eskola eta fakultateetan». Horien artean, nabarmendu zituzten, Elgoibarren «greba eskubidearen alde» eramandako borroka, Iruñerrian «salbuespen egoerari ematen ari zaion erantzuna» edota unibertsitateetan «Bolognaren gainetik, bestelako unibertsitate eredu baten aldeko borroka».

IAren iritziz, ordea, horiek guztiak ez dira modu isolatuan aurrera egiten duten borrokak. Hezkuntza sistema arrotzen inposizioa jo zuten euskal ikasleek jasaten duten egoeraren erantzuletzat. «Inposaketa horren ondotik datozen zapalkuntzen aurka borrokatzen dugu, bakoitzak bere eskola edota fakultatean», gaineratu zuten.

Azken boladan, gainera, urrats bat gehiago egin eta bestelako hezkuntza sistema bat eraikitzen ari direla gogora ekarri zuten: «Euskal Eskola Nazionala gure proiektua izanik, egunez egun, norabide horretan, Euskal Herrian Hezkuntza Sistema Nazionala egituratzeko lanean dihardugu».

Ildo horretan, nork bere eremuan borrokan jarraitzeaz gainera, ikasle guztiak modu bateratuan kalera irteteko garaia iritsi dela uste du IAk. «Ikastetxe edo fakultate bakoitzetik egiten dugun ekarpenak, proiektu eta borroka bakar bati erantzuten diola adierazteko garaia iritsi zaigu».

Bide horretan datorren apirilaren 30erako Baterajotze Nazionalera deitu du ikasle antolakundeak, «Hezkuntza sistema Arrotzen Gainetik, Ikasleria Eraikitzera» leloarekin.

Agerraldian dei ozena egin zioten ikasleriari, egun horretan, «Euskal Herriko kaleak ikasle aldarrikapenez betetzeko». Iragarri zuten, gainera, ikastetxe eta fakultateetan etenaldiak egingo dituztela egun horretan.

Data hori ez da besterik gabe aukeratua izan, IAk gogora ekarri zuenez, bi hitzordu garrantzitsuren artean baitator eguna: «Batetik, apirilaren 28 eta 29an Europako Hezkuntza ministroak Lovainan bilduko direlako; eta bestetik, ondoko eguna, Maiatzaren Lehena, Langileon Nazioarteko Eguna delako». Mobilizazioz beteriko aste horretan ikasleek euren ekarpena egin behar dutela nabarmendu zuen IAk.

Araban

Baterajotze Nazionala apirilaren 30erako iragarri badute ere, Araban astebete lehenago, apirilaren 23an, egingo dute, hurrengo astean ikastetxeetan jai dutelako.

ELKARTASUNA

IAk elkartasuna adierazi zien berriz ere Bologna prozesuaren kontra protesta egiteagatik kolpatuak izan diren ikasle katalanei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo