Lehengo izarrek oraindik ere zaleen bihotzetan jarraitzen dute
Zaleek ez dituzte ahazten orain dela urte batzuetako futbolari kutunak, eta hori argi eta garbi geratu zen herenegun gauean Bilbon, La Casilla kiroldegian jokatu zen Indoor Futbol Ligako euskal derbian, 4.000 ikusle pasa batu baitziren norgehiagoka zuzenean ikustera.
Jon LEUNDA
Lehengo futbolari izarrak gogoan eta bihotzetan dituzte futbol zaleek, eta hori argi geratu zen herenegun gauean Bilbon, La Casilla kiroldegian, Indoor Futbol Ligako euskal derbian. Athletic eta Reala izan ziren aurrez aurre, eta 4.000 ikusletik gora batu ziren norgehiagoka ikustera. Amaieran, 10-7 irabazi zuen talde zuri-gorriak.
Indoor Futbol Liga bigarren urtez ari da jokatzen. Bertan, hamaikako futboleko Liga irabazi izan duten taldeak ari dira neurtzen, beren jokalari beteranoekin. Eta horien artean dira bilbotarrak eta donostiarrak. Kirola bera ikusgarria da, baloia hormaren aurka joz jokatu baitaiteke, alde batetik bestera ibiltzen dela beti, geratu gabe. Beraz, jokalari beteranoak bai, baina honetan aritzeko sasoiko egon behar da, eta entrenamenduak ere egin behar dira; bestela, jai dago, ez dago jokatzerik», Bittor Alkizak esan zigun bezala.
«Ikusgarria da, eta gogoko dut, baina hor aritzeko oso ongi egon behar da, bestela ez dago jokatzeko modurik. Ni oraindik ez nago horien ondoan aritzeko, eta partidak harmailetatik jarraitu behar ditut», esan zuen Realean eta Athleticen ibilitako kirolariak.
Partidaz gain, lehengo jokalari izarrez ere gozatzera joaten da jende asko neurketa hauetara. Jokalari askok ilea urdintzen hasia dute, beste batzuei soilguneak sumatzen zaizkie buruan, bakarren batzuei zilbor apur bat handiagoa ere bai, baina denak daude sasoiko. Hori bai, La Casillan batutako askok zioen moduan, batzuk lehen bezalaxe daude, eta horietako bat da Julen Guerrero.
Jokatzen ikusita, horietako asko berdeguneetan jokatzeko moduan daudela ere nabaritu zen euskal derbi honetan. Iturrino, Guerrero, Imanol Etxeberria, Irazoki edo Cuyami jokalariek erakutsi zuten oraindik hainbat taldetan jokatzeko moduan egon litezkeela. Hori bai, 40 urteak gertu dituzte edo jada gaindituta, eta horrek ez du barkatzen.
«Nik gozatu egiten dut, hau ikusgarria da, ongi pasatzen dut, eta lagunekin egoteko aukera daukat», esan zuen Jon Cuyamik, Realeko jokalariak. Kirol honetan izar bihurtzen ari den horietako bat Imanol Etxeberria atezaina da, bera ere gustura ari da indoor futbolean. «Ongi moldatzen naiz. Baloia beti alde batetik bestera dabil, eta hankekin ongi moldatu behar du atezainak hemen, eta, askotan, jokalari bat gehiago izan. Gero ongi pasatzen duzu, jendeak ere erantzuten du, eta lagunekin zabiltza, eta aldi berean kirola eginez mantentzeko balio digu», zioen bizkaitarren atezainak. Jokalari gehienak ziren ezagunak zaleentzat, baina tartean baziren lehen taldean jokatu ez zutenak edo ia aritu ez zirenak, eta horiek ezagutzeko izan zituzten zaleek komeriak.
Beste batzuk harmailetan
Lehengo izar horietako asko harmailetan zeuden partida ikusten. Beraien jokatzeko era ikusita, kirola aproposa izan liteke, baina adinak ez omen du barkatzen, eta partida ikusten geratu behar, jokatu barik.
«Nire jokatzeko eragatik, ongi moldatuko nintzateke hemen. Iaz jokatzen ahalegindu nintzen, baina adinak ez du barkatzen. Ni baino hamabost urte gazteagoak direnekin jokatu behar dut, eta hori nabaritzen da. Pena ematen dit, baina gauzak horrela datoz», zioen Roberto Lopez Ufartek.
Egoera bertsuan zegoen Daniel Ruiz Bazan Dani. «Indoor futbola oso gustukoa dut, eta inbidia handia pasatzen dut hau ikusten. Honetan aritzeko, ordea, nahiz eta beteranoak izan, adinez gu baino gazteagoa izan behar da, urteek ez baitute barkatzen, eta hori onartu egin behar da. Zaleek nola erantzuten duten ikusita, zelaira ateratzeko oraindik eta gogo handiagoa ematen dizu, baina ezin da», esan zuen Athleticeko aurrelari ohi txikiak.
Fitxatzeak ere badaude Liga honetan, eta horietako bat ikusi zen atzokoan. Lutxo Iturrinok Realarekin jokatu zuen pasa den denboraldian; aurten, berriz, zuri-goriekin ari da.
Derbia bera ikusgarria izan zen, oreka handia izan baitzen markagailuan, baina amaierara etxekoak freskoago heldu ziren, eta horrek garaipena eman zien bizkaitarrei. Etxeberria, Larrainzar, Oskar Vales, Oskar Alkorta, Luke, Guerrero, Joseba Agirre, Iturrino eta Aiukar aritu ziren Athleticen, eta Realean, berriz, Andonegi, Irazoki, Tayfun, Uria, Cuyami, Zabala, Campo, Zudaire eta Irazusta. Epailea ere izen handikoa izan zuten, Urizar Azpitarte izan baitzen. Amaieran, emaitza alde batera utzita, denak gustura etxeratu ziren.
Herenegungo derbiak bitxikeria batzuk izan zituen, eta horietako bat Realak etxeko partida Bilbon jokatu behar izatea izan zen. Pasa den urtean, zuri-urdinek etxeko partidak Tolosan jokatu zituzten, baina arazo batzuk medio, badirudi aurten ez direla hor jokatuko norgehiagoka hauek.
Horiek horrela, partida Donostian jokatzen saiatu ziren, baina hori ere ezinezkoa izan zenez, eta partidak zuen ikusmina ikusita, bi taldeek ados jarri eta neurketa Bilbon egitea erabaki zuten. Hemendik aurrera zuri-urdinek etxean jokatu beharreko partidetarako lekua aurkitzea espero dute, eta zale gipuzkoarrek ere partida hauetaz gozatzea. Iaz Tolosan gauzak ongi joan ziren, jendeak erantzun zuen, eta Bilbon ere gauza bera ari da gertatzen, Real Madrilen aurka ere, 4.000 ikusle pasa baitziren harmailetan. Ea bada, Realak etxeko hurrengo partida Gipuzkoan jokatzeko inongo arazorik ez duen.