GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

«Herri kirolak indartzea da gure asmo nagusia»

p046_f01_666x666.jpg

Pedro ALKORTA

EUSKADIKO HERRI KIROL FEDERAZIOKO PRESIDENTEA

Pedro Alkorta mutrikuarra izango da aurrerantzean ere Euskadiko Herri Kirol Federazioko presidente. Herri kirol munduan aski ezaguna da. Azkeneko legealdian bera izan da presidente, baina aurretik batzarkide ere izana da. Kirolaria izan da, baita epailea ere, mundu hau barru-barrutik bizi du.

Jon LEUNDA |

Pedro Alkortak jarraituko du Euskadiko Herri Kirol Federazioko presidente izaten. Aurreko legealdiaren jarraipena egin nahi du, herri kirolek antolamendu onena izan dezaten.

Zure bigarren agintaldia da. Zer-nolakoa izan da aurrekoa?

Antolamenduan aritu gara, eta gero kirol bakoitza bere lekuan jartzen saiatu gara. Hori izan da aurreko legealdiaren ardatza.

Horri jarraipena emateko asmoa izango duzu, ezta?

Bai, lanean jarraitzea, beti ere herri kirolak indartzeko asmoarekin. Horretan ahaleginduko gara, eta gure aldetik ahalegin guztia egingo dugu.

Bi hautagai zineten. Gasteizko Gobernuak ikuskatzaile bat ere bidali zuen. Zer gertatu zen?

Hautagaien inguruan ez zen inongo arazorik egon. Lakuak lege bat dauka, lege horrek dioenez, federazioak hiru eskualde bakarrik kontuan hartuta funtzionatu behar du, Nafarroa kanpoan utzita. Bere garaian, 1995. urtean, ordea, batzarrak erabaki zuen Nafarroak barruan egon behar zuela, eta kanpora joan behar bazuen ere, batzarrak erabaki behar zuela esaten genuen eta bozketa egin zen. 42 batzarkide ginen, eta horietatik 40 batzarkidek aldeko botoa eman zuten eta bi abstenitu egin ziren. Horren ondoren, Nafarroa barruan zela, presidentea hautatzeko bozketa egin zen, eta nik irabazi nuen.

Ipar Euskal Herria ere hor sartzeko asmoa duzue, ezta?

Bai, dudarik gabe. Orain ongi antolatu dira, badute federazio bat, presidente berri batekin, eta Iparraldeko Federazioa Euskadikoaren beste hanka bat dela esan genezake.

Ipar Euskal Herrian herri kirolak indartzea da zuen asmoa?

Bai, zalantzarik gabe. Lan handia egin beharra dago, asko ari dira aurreratzen, baina oraindik asko dago egiteko, eta ahaleginetako bat hori izango da.

Txapelketei begira jarrita, zenbait kirolari haserre agertu dira, txapelketak berandu antolatu direlako. Zer diozu?

Hori batez ere aizkoran gertatu da. Baina lehiaketak, beste kiroletan bezala, denen artean antolatzea litzateke onena. Nahi den unean lehiaketa bat antolatzea ez da erraza izaten. Gustatuko litzaiguke urte hasieran egutegi bat izatea, baina ez da erraza.

Hobetu beharreko beste gauza bat sokatiraren egoera al da?

Bai, eta hori ere ez da erraza. Jende asko behar da talde bat osatzeko. Gainera, entrenamendu asko egin behar dira, asteburu guztietan saioak, eta gazte jendearentzat ez da erraza, beste gauza batzuk ere egin nahi izaten dituzte, eta zaila da horiek kirolarekin uztartzea.

Herri kiroletan aritzen diren emakumezkoen kopuruak, aldiz, nabarmen egin du gora.

Bai, eta hori berri ona da. Gero eta emakume gehiago ikusten dira herri kiroletan. Xibak zerikusia izan du horretan, horiek antolatzen dituzten lehiaketetan plazaratzeko lehen urratsa eman dute, eta gero lehiaketa ofizialetan hasteko errazago izan dute.

Gaur egun, gero eta torneo gehiago daude, bai aizkoran bai harri-jasotzean bai segan. Nola ikusten ditu Federazioak lehiaketa hauek?

Ongi. Nik uste dut lehiaketak beti direla onak. Askotan, ordea, gauzak bakoitzak bere aldetik egiten ditu, eta gero egun berean hainbat ekitaldik topo egiten dute. Denen artean antolatuta gauzak hobeto joango lirateke.

Nola ikusten duzu herri kirolen etorkizuna?

Nik uste dut ona dela, eta aurrera jarraituko duela. Gazterik aritu ez den urte batzuk izan dira tartean, baina berriro itzuli dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo