GARA > Idatzia > > Kultura

Arte garaikidearen aniztasuna, merkatu baten antzera zabaldua

Berrogeita hamar artista elkartu ziren atzo Baionako Elkartetxean, La Puce des Arts ekimenean. Arte garaikidean lantzen diren estilo anitzak azaltzen dira azoka horretan, eta margolanak nagusi baziren ere, zeramikak, argazkiak, bideoa eta eskulturak, besteak beste, preziatzen ahal ziren. Azoka berezi honek atzo zabaldu zituen ateak, eta gaurko egunean ere, artearen zaleak eta artista gazteak elkartzeko aukera emango du, baita lanok saldu edota erosteko ere.

p050_f01_203x136.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Merkatu baten itxura hartu zuen atzo Baionako Elkartetxeak, izan ere, Artearen Feria egin baitzen. Atzo hasi eta gaur amaitu, bi egunez, La Puce des Arts ekimenak ateak zabalik ditu bertan.

Erakustazoka baten antzera antolatua, artista gazteei beraien lanak erakusteko eta saltzeko aukera eskaintzea da bilgune horren xedea, eta, atzo, beste behin ere, ikusle ugariren bisita jaso zuen goizean goizetik. Azokak VII. edizioa duenez, ARCAD elkarte antolatzaileak indar berezia egin du aurten, bai artisten hautaketan, bai antolaketan. Jean François Larralde buru duela artisten hautaketa egiteaz arduratu den taldeak berrogeita hamar artista aukeratu ditu aurtengo azokarako. Hala, gaur egun arte garaikidean baliatzen diren teknika anitzak ezagutzeko aukera dute ikusleek.

«Artista gutxiago dagoenez, argitasun gehiago ematen die azalduak diren obrei», argitu zuen Peiok, Baionako herritar batek.

Bertan zeuden beste ikusle askok elkarteak antolaketa mailan egindako indarra goraipatzeari ekin zioten, eta gogo onez ibili ziren gunez gune obrei begira eta artistekin hizketan. Bisitari askorentzat La Puce des Arts azokarekin topo egin zuten lehen aldia zen. «Kaletik genbiltzan eta, ekitaldi hau zegoela-eta, bertaratzea erabaki dugu», esan zuen, berriz, Maitek.

Margolanak ziren nagusi, estilo askotarikoak. Besteak beste, Monique Brot Lehuntzeko artistaren obra abstraktuak eta Montardon herri frantseseko Alexandre Granger margolariaren lan figuratiboak.

«Gutxi gaude, eta, beraz bakoitzaren erakusgunea oso ondo mugatuta dago. Antolaketa horri esker guneak ez dira bata bestearekin nahasten», esan zuen bere aldetik, Eliane Monnin Baionako margolari eta zeramistak. Zeramikaz eginiko eskulanak, pieza berezi eta bakarrak, salgai zituen bertan. Abereen edo landareen itxura agertzen zuen pieza bakoitzak 30 eta 50 euro bitarteko salneurria zuen. Lau urte daramatza artistak ekimenean parte hartzen, eta, bertan zeuden beste artista guztiek bezala, La Puce des Arts-en garrantzia goraipatu zuen.

«Oso erakusleiho ona da gu bezalako artistentzat», argitu zuen. Arte zaleekin harreman zuzena izateko aukera emateaz gain, bertan izaten diren enkontruak nabarmendu zituen.

Eliane Monninek, esate baterako, aurreko edizioetan, bi arte-galeriarekin harremanetan jartzeko aukera izan du. «Enkontru horiei esker erakusketak egiteko aukera izan dut. Profesionalekin batera, arte zaleekin ere loturak egin izan ditut. Nire tailerra Baionan kokatua dut, eta La Puce des Arts-en topaturiko lagun horiek urtean zehar tailerrera ere etortzen zaizkit», azaldu zuen. Azoka honek harremanak sortzeko ematen dituen aukerak nabarmendu zituzten bertan zeuden artista guztiek. «Behin parte hartu, eta berriz itzultzen saiatzen dira artistak. Artista gazteek horrelako gune baten beharra daukate, eta, nolabait, gaur egungo egoera soziala ikusirik, ikusleek ere amets egiteko beharra dute», azpimarratu zuten antolatzaileek.

Baztango artistak

Artisten irudimenaren aniztasunean barneratzeko ibilaldia proposatzen du, beraz, Baionako Elkartetxeak. Margolan eta zeramikaz gain, bideo eta argazkiak, berreskuraturiko egurrez eginiko altzariak, landarez eginiko lanak edota beirazko eta egurrezko zizelkari lanak ikusgai dira.

Artista gehienak Lapurdiko eta Estatu frantseseko hego-mendebaldekoak izan arren, aurten, Euskal Herriko artearen aipamen berezia egin nahi izan dute, Baztango artisten obren bidez. Kepa Arizmendi eta Ricardo Pascualek sorturiko Ur Taldearekin sortu elkarlanaren bidez bideratu dute ekimena.

Ur taldeko bi artistek, urtarrilean Kalostrape ostatuan egin bezala, hogei formatu txikiz osaturiko bi obra azaldu zituzten, pusketatan saltzeko gisan.

La Puce des Arts arte diziplinetan ezupenak hartzeko aukera bat ere izaten da. Hori ahalbidetzen dute bertaratzen direnei eskainitako tailerrek. Atzo, Sofi Azkaingo margolariak, esate baterako, obra bat sortzeko aukera eman zuen.

ESKAKIZUNAK

La Puce des Arts erakustazokara artistek jendaurrean estreinakoz aurkezten dira lanak ekartzen dituzte. Ekimenean parte hartzekotan, soilik urteko uzta erakutsi behar dute.

NAZIOARTEKOA

La Puce des Arts-ek nazioarteko artisten bilgune kutsu halako bat agertu du aurten. Euskal Herriko zein Estatu frantseseko hego-mendebaldeko artistekin batera, Madrileko bi artista eta Kanadako beste bat ere bazeuden.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo