GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Iruñeko Udaltzaingoa IGAk antolatutako Gazte Eguna zapuzten saiatu zen

Iruñerriko Gazte Asanbladak Gazte Eguna ospatu zuen atzokoan, eta berriro ere, Udaltzaingoaren probokazioa agerian geratu zen. Ostegunean hamabi gazteren kontrako epaiketa hasiko da, eta honen harira, hainbat ekintza izaten ari dira «Nik ere egin nuen» kanpainan.

GARA |

Iruñerriko Gazte Asanbladak (IGA) antolatutako «Nik ere egin nuen» kanpainaren barruan, atzokoan egun osoko egitaraua zuten prestatuta Nafarroako hiriburuan. Gazte Egu- nari hasiera emateko, auzoetatik jende-zutabeak antolatu zituzten, eta bildutakoak giro alaian abiatu ziren hiriburuko Alde Zaharrera. Jarraian, herri-bazkarian, 500 bat pertsona batu ziren. Umeen txanda izan zen 17:30ean, txikientzat jolas andana prestatu baitzituzten.

Gaztelu Plazan Aulki-Dantza jolasa prest zegoen 18:30erako. Ostegunean hasiko den epaiketaren parodia egin nahi zuten horrekin: izan ere, aulkirik gabe gelditzen zenak zuzenean «talegora» joan behar zuen. Baina Aulki-Dantza hau bideo kamera batekin grabatzen ari zen neska bat «lurrera bota» zuen udaltzain batek. Jolasa une horretan gelditu, eta probokazioari aurre egin zion jendeak.

Orduan Polizia espainola heldu zen Gaztelu Plazara. Kaskoak jantzita eta borrak eskuetan, korrikaldiak hasi ziren, plaza hustu zuten arte. Hainbat gazte, eskuak altxatuta, Poliziaren parean geldirik geratu ziren, eta handik gutxira giroa «epelduz» joan zenez, prestatuko egitarauarekin jarraitu zuten.

Martxoaren 26an Iruñerriko 12 gazte epaituko dituzte, 2007 urteko maiatzean Labrit-eko bidegurutzean eserialdi bat egin ondoren. Bi urte eta erdiko kartzela zigorra eskatzen dute haientzat. Epaiketa hori salatzeko eta desobedientziaren zilegitasuna aldarrikatzeko asmoarekin sortu zen «Nik ere egin nuen» kanpaina. Azken egun hauetan eserialdi sinbolikoak egin dituzte Labrit-eko bidegurutze berean, zigortu nahi den ekintza hura gogora ekarriz.

Udaletxean kateatuta

«Nik ere egin nuen» kanpainaren harira, aste honetan burutu diren ekintzekin segituz, ostiral arratsaldean, zortzi lagun Iruñeko udaletxean kateatu ziren.

Urbideko burdinei lotu bezain laster, udaltzain batek «ekintzaile bat borraz jo zuen sabe- lean». Udaltzain gehiago iritsi ziren plazara, furgoiekin «ekintza estali nahian». Parte-hartzaile batek jakitera eman zuenez, udaltzainek «arauz kanpoko borrak, `Kugutan' deiturikoak» erabili zituzten.

Kateatutako zortzi lagunak askatu eta udaletxe barrura sarrarazi zituzten, bertan besoak altxatuta zituztela identifikatu zituzten. Ordubete igarota, aske atera ziren ekintzaileak.

Bitartean, jende andana bildu zen plazan, eta eserita geratu ziren ekintzari babesa eskainiz. Handik denbora gutxira, Polizia espainola agertu zen, kaskoz eta pilota jaurtigailuz hornituta. Bertan bilduta zeudenak plaza uztera behartu zituzten.

Ekintza hau Iruñeko Alde Zaharreko kaleetan ibili zen kalejiraren amaieran egin zen. Giro oso alaia sortu zen hiriburuan hamaika ekimen burutzeko debekuen berri ematen zuten kantuak abestuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo