KRONIKA Nafarroako bertsolari txapelketa
Silveirak txapelarekin topo egin du berriro, eta dagoeneko baditu sei
Desenpatearen aukera zen berrikuntza eta Silveirak eta Sotok estreinatu zuten, puntutan oso gertu iritsi baitziren saioaren amaierara. Azken buruz burukoan, Silveirak hartu zuen bolantea, eta zuzenean abiatu zen txapelera. Izan ere, ez zen akordatzen zenbat gustatzen zaion txapelaren usaina.
Amagoia MUJIKA
Bisera batekin igo zen oholtza gainera, Nafarroako Bertsolari Txapelketako 38. finalera. Akaso, ez zuelako txapela janzteko asmorik. Bazirudien bere buruari sinetsarazi nahi ziola berdin zela txapela jantzi edo ez jantzi, garrantzitsuena bertso festaren parte izatea zela. Baina, azkenerako, zuzen-zuzen begiratu zion txapelari, lehiatu egin zen, publikoak aupa zezan utzi zuen, gozatu egin zuen, gozarazi egin zuen eta txapela jantzi zuen. Xabier Silveirak seigarrenez jantzi zuen atzo, Elizondon, txapeldunaren garaikurra. Tira, jantzi, jantzi... hitz egiteko modu bat besterik ez da. Izan ere, ez zuen denbora luzean izan buruan. Bisera kendu, txapela jantzi, eta berriz bisera burura. Eta txapela, jendartera bota zuen bigarren agurrean. Bai, bigarrenean. Julio Sotok ere bi agur bota zituen amaieran eta Silveirak, beste bi. Zergatik? Publikoak horrela eskatu zuelako. Eta, atzo, bertsozaleak agindu zuen zer-nolako saioa nahi zuen. Eta, bertsolariak, epaileekin ahaztu eta bertsozalearekin akordatu ziren.
Beti esaten da Nafarroako finala «bertso besta» izugarri bat izaten dela. Eta topikoek inor nekatzeko arriskua duten arren, aurten berriz erabili behar «bertso besta» terminoa, derrigorrez. Oso berotik hasi zen finala. Elizondoko Lur aretoa goraino beteta (mila lagun inguru) eta kanpoan jende mordoa sarrerarik gabe. Bertsozaleek behin eta berriz aupatu eta mimatu zituzten oholtza gainekoak. Eta goitik beherako erantzuna ere dotorea izan zen.
Aurtengo berrikuntza desenpatea zen. Lehen bi sailkatuen artean bost puntu baino gutxiago izanez gero, desenpatea jokatu behar zela erabaki zuten antolatzaileek. Eta, berrikuntza hori estreinatu zuten Xabier Silveirak eta Julio Sotok, bi faboritoek. Beraz, hasiera beroa eta bukaera, are beroagoa.
Berdinketa haustea
Azken buruz buruzkoa, Silveiraren eta Sotoren artekoa, bikaina izan zen. Lehendabizi, ofizioka aritu ziren, oso-oso bizi, zirikatzaile, gozatuz. Eta, bigarrenik, kartzelakoan bina bertso josi zituzten. Egoera bitxia izan zen. Hau zen kartzelako gaia: «Aspaldiko partez, bertze bat eskatu dizute». Bai Silveirak eta bai Sotok bertso finalari eutsi zioten bakarkako lanean, eta bai batak eta bai besteak bigarren tokian jarri zuen bere burua. Kartzelako horretan Silveira gailendu zen. Hauxe, lehena: «Atzo hagineko minez sofan etzanda nengona/ ahal nuen guztitan helduz nere amatxoren gona/ nolotil ta espidifen sartu barrura zegona/ gaur jokatzen nuelako urtetako zoriona/ beste bat beste txapel bat da entzulegoak diona/ baina uste ez naizela Julio Soto bezain ona».
Azkenean, Silveira, txapeldun, 617 punturekin, eta Julio Soto, bigarren txapeldun, 606,05 punturekin. Hauxe, Silveiraren agurra: «Itxura denez gainditu dugu gaurko azterketa/ Julio kabroiak urduri euki ea zer gerta/ baina txapel honek dauzka helburutzat lau pareta/ Ittur, Santx, Porttu ta Mattin, zuentzat bihotz hau beteta/ zuentzat nere txapela, zuentzat nere txapelketa/ zuentzat gaurko bertsoen eta txaloen fereka/ maite zaituztedalako pilapilapila eta maite zaituztegulako ilargiraino ta buelta».
Saio polita
Desenpatea saio polit bati jarritako amaiera ederra baino ez zen izan. Bertsolari guztiek konplitu zuten, denek utzi zuten zerbait, denek marraztu zuten une distiratsuren bat. Xabier Silveiraz eta Julio Sotoz gain, Erika Lagomak eta Iñigo Olaetxeak ere lortu zuten Euskal Herriko txapelketarako txartela. Pozik agertu ziren horregatik.
Erika Lagomak lortu zuen hirugarren postua. Final txukuna josi zuen, ariketaz ariketa asmatuz. Kartzelakoa oso polito josi zuen Lagomak. Hauxe zen gaia: «Hurbileko norbait joan zaizu zenbat maite zenuen erran gabe». Eta, hau, Erikaren bigarrena: «Ictus batekin ixiltasuna ez da hain gauza itzela/ geldirik zaude geldi-geldirik ezin da izan bestela/ eta bizitzak ahotik kendu dizu zure azken pastela/ baina buruan gorde ohi dut nik emakume bat zinela/ orain geldirik zaude han bertan eta zain duzu eskela/ nere ondoan egoten zara baina falta zait epela/ hilda bazeunde bezela».
Iñigo Olaetxea ere ondo aritu zen. Eta kartzelakoan ere asmatu zuen. Olaetxeak ere amama izan zuen gogoan. Hauxe, lehena: «Hainbertze egun ta hainbertze gau egon ginen berriketan/ zugatik ere hasi nintzen bertsotako txapelketan/ ttiki-ttikia nintzela sukaldetikan hizketan/ orain tamalez urruti zaude ta ez zaude hemen bertan/ aizu amatxi zure ondoan eduki nauzu urtetan/ eta enizun deus ere erran bazenekien ustetan». Olaetxea oso gustura ikusten zen bukaeran, Euskal Herrikorako txartela sari handia baita.
Jon Barberenak kartzelakoan botatako aleak izugarri politak izan ziren. Berriz konkistatu nahi duen maiteari kantatutakoek, bat baino gehiago konkistatu zuten Lur aretoan, seguru. Mikel Laboaren «Izarren hautsa» doinua erabili zuen eta horrek ere izan zuen parterik sortutako magian. Lehena, «Motxila hartu ta joan zinen ttipi ta ttapa emeki/ zure hutsunea ikusi orduko bi begiak ziren busti/ ezta alegre ta ez serio, ez gero arte ta ez adio/ aldegin zenun basati/ jokaera hortan igual badira ez dakit zenbat zergati/ zure ezpainak nahiko nituzke mingainarekin ebaki/ baina ez zaude hemen maitea/ askatu egin da gure katea/ nahiz eta zauden urruti/ oroituko zaitut beti».
Julen Zelaietak, iazko txapeldunak, hasierako agurrean horixe gogoratu behar izan zuen, txapela berari kendu behar zitzaiola. Izan ere, finalaren aurreko kinieletan eta, ez da izan Zelaieta aurrealdean. Saioa goitik hasi zuen, zortziko nagusi eder batekin. Eta gero ez zuen huts nabarmenik egin, umoretik dezente joan zen, horixe baita bere puntu indartsuena. Jendearen beroa ere sentitu zuen iazko txapeldunak, oso maitea baita bertsozaleen artean.
Xabier Legarretak saio ona egin zuen. Silveirarekin egokitu zen seiko motzean eta oso ondo aritu ziren biak. Honakoa, gaia: «Etorkinak zarete. Legarretak zoriona iraganean aurkitzen du eta Silveirak, etorkizunean». «Zertan gabiltza ai ama/ zein da lortu dugun fama/ hasieratik hemen duguna etzen gure plana/ Europara banan-bana/ etxebizitza ta lana/ baina zergatik daukat gogoan beti iragana», hasi zen Legarreta. Kartzelakoan ere oso ondo aritu zen, ondo jositako arrazoiekin. Azkenean, zazpigarren, puntuazioak oso estu banatu baitziren atzokoan.
Azkenik, Ander Fuentes «Iturri» ondo aritu zen bere lehen finalean. Mimo asko jaso zituen jende artetik eta gozatu egin zuen, ez zuen batere sufritu. Ideietan eta etorrian fresko sumatzen zitzaion, eta oso ausart.
Atzokoa festa handi bat izan zen, eta bai oholtza gaineko zortzikoteak eta bai behealdean bildutako mila bertsozaleek ere gustura agurtu zuten Elizondoko Lur aretoa, festa handi baten parte izateagatik asebeteta. Eta, batzuentzat, festak jarraitu egin behar zuen ondorengo afarian.