GARA > Idatzia > > Euskal Herria

«Ertzaintzak nola torturatu nauen ikusiko da, dena grabatuta badago»

Manex Castro
Euskal preso politikoa

Gasteizko Parlamenturako bozaldia hasi baino ordu batzuk lehenago atxilotu zuen Villabonako gaztea Ertzaintzak, martxoaren 1eko goizaldean, bere herriko taberna batean lagunekin zegoela. Bera izan da hiru urteotan Polizia autonomikoak inkomunikatu duen lehen herritarra. Eta torturak salatu zituen.

GARA |

Joan den martxoaren 6ra arte, Ertzaintzaren aurkako tortura salaketa bakar bat ere ez da izan, azken hiru urteotan. Tarte horretan inori ez zioten inkomunikazioa ezarri. Manex Castrorekin hautsi zuten estatistika hori, eta berak, bost egunez inkomunikatua izan ostean, tratu txarrak salatu zituen.

Tortura salaketa horren ondotik, Lakuako behin-behineko bozeramaile Miren Azkaratek birritan adierazi zuen Ertzaintzak protokoloa bete eta dena bideokameraz grabatu zuela. Horri eta bere egoerari buruz GARAk egindako galderei erantzun die Villabonako gazteak. Baita, Lakuako Barne Sailaren eta Azkarateren adierazpenen aurrean, bere testigantza berretsi ere.

Zer moduz zaude une hauetan?

Orain nahiko ondo. Aste honetan beste kideekin batera egoteko aukera izan dut eta nahiko ondo nago. Laguntza handia da.

Inkomunikaziotik atera, eta bakartze-egoeran igaro nituen lehenengo egunak nahiko gogorrak egin zitzaizkidan.

Ertzaintzak bere eskuetan izan zintuen atxilotze-aldiak zer esana eman du. Areago, tortura salaketa publiko egin eta gero, hiru urtetan, Ertzaintzak inkomunikazioa ezarri dion lehenengo pertsona zinela kontuan hartuz. Horretaz jabetzen al ziren ertzainak zure atxiloketan?

Normal zeuden, beti horrela jokatuko balute bezala. Ez zidaten inkomunikazioari buruzko aipamenik egiten.

Abokatuarekin hitz egin nahi nuela esaten nienean bakarrik. «Ez al zara konturatzen inkomunikatuta zaudela?», esaten zidaten.

Ariketa fisikoak eta deskantsua galaraztea etengabea izan zela salatu zenuen. Baina presio psikologikoak izan dira, batik bat, zure salaketaren muina. Nola gogoratzen dituzu bost egun horiek?

Gogorra egiten zait gogoratzea. Nola gailendu zitzaizkidan, nola txikitu ninduten...

Nahiago dut hura ez gogoratzea. Umilazioaren eta beldurraren sentsazioa daukat.

Zer izan zen gogorrena?

Nahiko antzekoa egin zitzaidan dena, hiru edo laugarren egunera arte. Orduan lasaitu ziren beraiek.

Gogorrena, zalantzarik gabe, nire ahotik hitzak lortzen zituztela konturatzea zen, egin nahi ez nuena egitera nola behartzen ninduten.

Zure sendiak, Arartekoarekin bildu ostean, salaketa aurkeztu zuen Lakuak ez zuelako euren protokoloa bete. Ez zuten etxera deirik egin. Zure salaketan, gainera, aipatzen zenuen medikuarekin egon ostean jakin zenuela asteleheneko 13.00ak zirela eta Oiartzunen zinela. Zenbatero eramaten zizuten medikuarengana? Nora? Berak zer erantzun zuen berari salaketa egin ostean?

Egunero eramaten ninduten medikuarenera, egunean behin. Donostiako epaitegira. Lehenengo egunean, berak galdetu zidan tratu txarrak jasaten ari ote nintzen. Nik esan nion fisikoki ez nindutela gehiegi ukitu, baina psikologikoki txikitzen ari zirela, gailentzen ari zitzaizkidala. Berak oharra jaso zuen, eta zein egunetan eta zein ordutan nengoen konturatu nintzenean eta eskuak burura eraman nituenean, erruki aurpegia jarri eta segur aski inkomunikazioa ez zutela bosgarren egunera arte luzatuko esan zidan.

Gainerako egunetan argazkiak egiten zizkidaten. Mehatxuak jasotzen nituela esaten nien, eta eurek oharra hartzen zuten.

Ertzaintzaren eskutik torturak jasan zenituela salatu bezain laster, Lakuako Gobernuko bozeramaile Miren Azkaratek zure atxilotze-aldiko bideo eta agiriak epaileak eskura dituela iragarri zuen. Grabaketa horiek existitzen al dira? Non eta nola grabatzen zuten? Zein maiztasunez? Izan ere, atxilotze-aldi osoa ez zuten jasoko bideoz...

Nik kamera bakarra ikusi nuen, deklarazio polizialean.

Beste kamerarik balego, galdeketak egiten zizkidatenek ez lituzkete astakeria horiek esango. Atxilotze-aldi osoa grabatuta badago, oso-osorik eta gela guztietakoa, Ertzaintzak nola torturatu nauen grabatuta dago.

Prest egongo al zinateke zure atxilotze-aldiko bideoak euskal udalerrietako plazetan publikoki emititzeko? Horrela, amnistiaren aldeko mugimenduak dioen bezala, Euskal Herri osoak jakingo luke nork dioen egia.

Beste inor ez torturatzeko balio badu, noski baietz. Miren Azkarateri esango nioke ez dakiela ondo hor barruan zer gertatu den. Zer gertatu den baldin badaki, berak jakingo du zertan dabilen. Ez torturatzeko protokolorik baduten ala ez, hori ez dakit, baina euskaldunak atxilotu, torturatu eta kartzelatzeko protokoloa ederki bete dute.

Guardia Zibilarekin mehatxatu zintuzten, ama atxilotuko zutela, Porturen kasua gogorarazi... Zer pentsatzera iritsi zinen?

Ez nuen sinistu nahi. Baina azkenean, desgastearekin.... zalantzekin hasi nintzen, horrenbestekoa zen haien bonbardatzea....

«Eta benetan ari badira?» pentsatzen nuen askotan. Oso, oso, oso ondo egiten zuten euren lana. Sinetsarazi zidaten niri laguntzen ari zirela, eta kontrakoa zen, txikitu egin ninduten. «Guardia Zibilaren eskuetan uzten banaute, banago lehendik ere nahikoa lehertuta.....», horixe pentsatzen nuen.

Ertzaintzaren eskuetan jasandakoak, nolabait, bere segida izan du espetxeratu eta gero.

Auzitegira iritsitakoan, ertzainek esan zidaten ondo portatu zirela eta Madrilen tratua ez zela berdina izango. Ongi asko nekiela hango poliziek zenbat gorrotatzen zituzten euskaldunak.

Baina Auzitegi Nazionaleko poliziek lasaitu egin ninduten. Dagoeneko ez nengoela egoitza polizialean eta ez zidatela ezer egingo esan zidaten. Ederki ikusi zuten zer egoeratan nengoen, beldurtuta, lur-jota, txikituta....

Kartzelako lehenengo egunetan, hotsen bat entzuten nuenean zutitu eta paretaren kontra jartzeko keinua egiten nuen. Bazirudien berriro galdeketetara eraman behar nindutela. Gaur egin dut lehenengo aldiz gau osoa lo. (Manex Castroren adierazpen hauek, espetxeratu eta bi aste gerokoak dira).

 

KAMERAK

«Nik kamera bakarra ikusi nuen; deklarazio polizialean. Beste kamerarik balego, galdeketak egiten zizkidatenek ez lituzkete astakeria horiek esango»

PROTOKOLOA

«Miren Azkarateri esango nioke ez dakiela ondo hor barruan zer gertatu den. Ederki bete dutena euskaldunak atxilotu, torturatu eta kartzelatzeko protokoloa da»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo