Juan Maria Eskubi Durango 1936 Kultur Elkarteko lehendakaria
Durango 1936 Kultur Elkartea eta martxoaren 31ko ekitaldiak
Zelan omendu daitezke batera askatasunaren alde borrokatzearren fusilatutakoak edo desagerrarazitakoak eta berauen heriotzaren erantzuleak diren faxistak?
Datorren martxoaren 31n durangarrok berriro ekarriko dugu geure gogora orain dela 72 urte jasandako bonbardaketa ikaragarria. Bere askatasunari gogor eustearren, faxistek suntsitu eta ikaratu nahi izan zuten gure herria.
Badira makina bat urte hainbat durangar Andra Mariko elizpean batzen garena martxoaren 31 guztietan, iluntzean, oroitzapen latz hori gogoratzeko eta berriro beste inon gerta ez dadin lau haizetara aldarrikatzeko. Ekitaldi hau urteetan antolatu dute Gerediaga, Berbaro eta Kriskitin elkarteek, eta eskerrak eta zorionak helarazi nahi dizkiegu horregatik, eta ekitaldi honen inguruan antolatu dituzten hitzaldiengatik.
Durango 1936 Kultur Elkarteak bat egiten du deialdi honekin eta bertan parte hartzera deitzen die durangar guztiei. Garrantzi handikoa da guretzat belaunaldi berriei gertatu zena oroitaraztea, bereziki berriro gerta ez dadin egunero-egunero egin dezagun lan.
Baina, ostera, bestelakoa da gure iritzia azkeneko bi edo hiru urteetan Durangoko Udalak eguerdirako, hilerrian, antolatzen duen ekitaldiari buruz. Ez dugu bat egiten ekitaldi horrekin, eta gaitzetsi egiten dugu. Arrazoiak behin baino gehiagotan jakinarazi dizkiegu Udaleko arduradunei eta zinegotziei, ahoz eta idatziz.
Durango 1936 Kultur Elkarteak ez du ulertzen zelan burutu daitekeen, burutzen ari den legez, Adiskidetzea eta Bakea bezalako ekitaldi hori halako ezaugarriekin: a) Durangoko Udalak, frankismoaren garaian, ikerketa oso zehatza egin zuen faxismoa ezartzeko euren bizitza eman zuten durangarrak nortzuk izan ziren jakiteko; b) Durangoko Udalak ia berrogei urteetan zehar faxismoari ezartzearren bizitza eman zuten durangarrak omendu ditu esklusiboki; c) Durangoko Udalak ez du ikerketarik burutu Errepublikaren eta Euzkadiko Gobernuaren alde euren bizitza eman zuten durangarrak nortzuk izan ziren jakiteko; d) ikerketarik egin barik zerrenda bat osatu zuen hildako durangarrekin (bonbardaketetan hildakoak, faxismoa defendatzearren hildakoak eta askatasuna defendatzearren hildako batzuk), eta oroitarri berean omentzen ditu denak batera; e) marmolezko plakako zerrendan euren bizitza Errepublikaren eta Euzkadiko Gobernuaren alde eskaini zuten hainbat durangarren izenak falta dira (zer bitarteko jarri ditu Udalak berauek identifikatzeko? Ez du Udalak pentsatu iraintzat har daitekeela batzuen alde horrenbeste egitea -iraganean izan arren- eta besteen alde hain gutxi?); f) berradiskidetzeko eta bakea aldarrikatzeko ekintza kapera katoliko batean egiten da, eta ahaztu egiten du Udalak Errepublikaren eta Euzkadiko Gobernuaren alde borrokatuz hil ziren durangar asko ez zirela sinesmen horretakoak; horrela, bide batez, katolizismoa ezarri egiten da Adiskidetzea eta Bakea aldarrikatzeko; g) Adiskidetzea eta Bakea aldarrikatzeko egin nahi den ekintza faxistek euren aldeko hildakoak esklusiboki omentzeko eraikitako kapera batean egiten da, hots, ahaztu egin nahi da tokia sorreraz faxistena dela eta toki horretan beti omendu direla faxistak, eta luzaroan beste batzuk baztertu direla; h) marmolezko plaka egin aurretik ez zaie senitartekoei jakinarazi; eta horrela jokabide jakin bat ezartzen da, benetako adiskidetzeak izan beharko lukeen metodoarekin bat ez datorrena.
Horregatik guztiagatik Durango 1936 Kultur Elkarteak ez dio babesik erakutsiko hilerrian marmolezko plakaren inguruan egingo den ekitaldiari. Zelan omendu daitezke batera askatasunaren alde borrokatzearren fusilatutakoak edo desagerrarazitakoak eta berauen heriotzaren erantzuleak diren faxistak, azken hauek askatasunaren borrokalarien lurperatze tokia bera ere jakitea ukatu dietenean senitartekoei? Zelan omendu daitezke toki horretan askatasunaren aldeko borrokalariak berrogeitaka urteotan zehar leku berean faxismoa ezartzearren hildakoak era esklusiboan omendu direnean? Zelan omendu daitezke bonbardaketaren urtemugan bonbardaketan hildakoak eta bonbardaketa planifikatzen eta egiten lagundu zutenak?
Amaitzeko, urtero legez, Andra Mari elizpean elkartuko gara martxoaren 31ko iluntzean.