Animaliak ere telebistara egokitu behar
«Animal Channel»
Animabasauri jaialdian lehendabiziko agerraldia egin ondoren, gaur estreinatuko da zinema aretoetan «Animal Channel» animaziozko film luzea. Euskaraz eta gaztelaniaz ikusi ahalko da.
GARA | DONOSTIA
Maite Ruiz de Austri idazle, gidoilari eta zuzendari madrildarraren bosgarren film luzea da, hain zuzen ere, gaur estreinatuko den «Animal Channel» filma. Estatu espainolean, animaziozko filmen zuzendari lanetan aritzen den emakumezko bakarra da Ruiz de Austri eta, horretaz gain, zuzendari gisa Goya saria bi alditan jaso duen emakume bakarra ere bada. Sari horietako bat «Qué vecinos tan animales» filmarekin lortu zuen eta istorio hartako animalia protagonistak aurkituko ditugu honako honetan ere.
Filmak Cathy zikoinaren eta Nicolas arratoiaren eta bere familiaren abenturak kontatzen ditu. Zinema areto batean lan egiten dute, ikusle faltagatik itxi egin behar duten arte. Izan ere, telebistaren garaia iritsi dela-eta, orain arte zituzten ikusle gehienek nahiago dute euren etxeetan sofan eserita gelditu, telebistak eskaintzen dizkien programa ikusgarriei begira. Cathy eta Nico ez dira besoak gurutzatuta geratuko. Euren ausardiaz eta irudimenaz baliatuta, erreportari lanari ekingo diote telebista kate berri batean, Animal Channel-en. Ospetsu izateko helburuarekin, zerbait ezberdina egiten saiatuko dira eta horretan direla, desagertutzat jotzen den uso migratzailearen atzetik abiatuko dira. Zuzenean eskainiko dute bost kontinentetan barrena egindako bidaia eta laster ohartuko dira usoaren bilaketa lanetan ez daudela bakarrik. Erronka profesional moduan hasiko den bilaketa, erronka pertsonala bilakatuko da eta arriskuan dagoen usoari laguntzea tokatuko zaie erreportari hauei.
Ruiz de Austri zuzendariaren esanetan, «porrot batetik abiatuta ere, arrakasta lor daitekeela» erakusten du film honek eta adiskidetasunaren garrantzia ere azpimarratzen du. Bost urte inguruko haurrei zuzenduta badago ere, guztientzat egokia da «Animal Channel» eta, gaztelaniaz zein euskaraz ikusi ahal izango da gainera.
Bi dimentsioko irudiez osatuta dago eta milioi bat euro baino zertxobait gehiagoko aurrekontua izan du filmak. Ekoizleek aurreratu zutenez, «animaliatxo abenturazale» hauekin istorio gehiago sortzeko asmoa daukate eta, beraz, film gehiago ere iritsiko dira.
Oraindik martxan dirauen Animabasauri jaialdian egin zen filmaren lehenengo emanaldia eta gaur, Euskal Herriko lau zinema aretotan estreinatuko da «Animal Channel»: Bilboko Multicines-en, Basauriko Bilbondon, Gasteizko Floridan eta Donostiako Oscar La Bretxan. Estatu espainoleko areto nagusienetan ere gaurtik aurrera izango da ikusgai.
Animaliatxo hauen lantokia den zinema aretoa itxi egin behar da ikusle falta dela-eta. Garai berrietara egokituz, erreportari lanetan hasiko dira Animal Channel telebista katean.