GARA > Idatzia > > Kultura

Eszenak

Ikusi eta ikasi

Dorleta URRETABIZKAIA | Aktorea eta idazlea

Martxan da dagoeneko hamaseigarren Korrika. Ez pentsa ezeren beharrik daukazunik heltzeko nire helmugara. Zure gogo, zango eta oinak besterik ez. Entzun, argi eta garbi entzun. Hire inguruan esaten diren gauza guztiak entzun. Atzo Tuteran hasitako Korrikaren «Ongi etorri» oihuak. Milaka eta milaka euskaldun hasiak baitira dagoeneko, etenik gabeko lasterketan. Ikusi, ikusi eta ikasi. Ez esan gero inoiz aukerarik ez duzula izan. Heldu, ondo heldu. Ez galdu bidean berriz edukiko ez duzun gauza hori. Heldu euskara zaharraren lekukoari. Ikusi eta ikasi. Eta ondo entzun. Hobeto heldu. Milaka pertsonek elkarrekin, lau haizeetara zabalduko duten euskara zaharrari.

Eta udaberriko loreen jaiotzarekin batera, Antzerkiaren Nazioarteko Eguna dugu gaurkoa mundu osoan. Martxoaren 27 honetan, milaka leku eta hizkuntza desberdinetan Augusto Boal dramaturgo, idazle eta zuzendari brasildarraren mezu hau entzuteko aukera izango baitugu Korrikako euskararen aldeko oihuekin batera: «...Denok gara artista. Antzerkia eginez, ohituraren ohituraz ikusten ez dugun huraxe nabarmentzen zaigu begien aurrean, eta ikusten ikasten dugu. Ezagun zaiguna ikusezin bihurtu ohi da; antzerkia egiteak, aitzitik, eguneroko bizitzako agertokia argitzen digu; ikusezina ikuskizun ikusgarri bihurtzen...».

Antzerkiaren Nazioarteko Eguna ospatzearekin batera, Donostiako iazko euskarazko antzezlanik onena ikusteko aukera ere izango dugu gaur Victoria Eugenia antzokian. Le Petit Théâtre de Pain taldearen «Juglarea, puta eta eroa» antzezlana hain zuzen ere. Dario Fo-ren testuetan oinarrituriko ikuskizun honek, juglare, emagaldu eta ero batek, heriotzaren aurrean izango dituzten beldur eta sentsazio ezkorrak, bizitzeko indar nola bilakatuko dituzten erakatsiko digute, eszenaratze soil eta sortzaile baten bidez, euskalki desberdinen bitartez, eta batez ere, aktore lan bikain batez.

Lasterketak gau eta egun etenik gabe aurrera egin bitartean, Kulturbirak ikuskizun ugari eskainiko dizkigu gure herri eta hirietako antzoki, frontoi eta tabernetan apirilaren 5ean lekukoa Gasteiza iritsi arte. Hala nola «Kanpaiak jo bitartean», «Erregea eta bufoia», «Anitzak hitzak», «Piratak», «Atxikistan», «Karrika korri». Eta Augusto Boal-en hitzetan, ikusiaz ikasiko dugu, guztiok «teatrero» garen bizitza-agertoki honetan. «...Ikus ezazue hastera doan ikuskizuna; gero, etxean, lagunekin, egin itzazue zeuen obrak, eta ikus ezazue inoiz ikusi ez duzuena: begien aurrean ageri zaizuena. Antzerkia ezin baita gertaera hutsa izan. Bizitzeko era betea da! Denok gara aktore, hiritarra ez da gizartean bizi dena, gizartea eraldatzen duena baizik!».

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo