GARA > Idatzia > Iritzia > Editoriala

EHLG, arrazionaltasuna absurduari gailendurik

Euskal Herriko Laborantza Ganberako lehendakari Mixel Berhokoirigoinek bi paper zituen prestatuta atzoko. Eta ona, «errexena», irakurri zuen, zorionez, Baionako Auzitegitik irtendakoan, epaileak haren eta laborari elkartearen absoluzioa ebatzi baitzuen. Paper ona irakurri zuen Pirinio Atlantikoetako prefetaren salaketarekin hasi zen prozesuak absurduaren goia joa zuelako, absurdua baitzen, ikuspuntu arrazional batez, Berhokoirigoini kartzela zigorra ezarri eta elkartea legez kanpo utzi nahi izatea.

Berhokoirigoin horrela zigortu nahi izatea larria izanik ere, atzoko ebazpenak oraingoz -Pirinio Atlantikoetako Laborantza Ganberak helegitea jartzeko aukera baitu- bukatutzat eman duen prozesuan, besterik ere bazen jokoan, laborantza eredu herritar eta iraunkor bat, Ipar Euskal Herrian EHLGk baizik bermatzen ez duen eredua, alegia. Eredu hori galarazi nahi izatea ez baita absurdua bestelako ikuspuntua dutenen ustez: estatu arrazoiaren ikuspuntutik, hain zuzen. Ikuspuntu jakobinoa, bere kontroletik at sumatzen duen oro kriminalizatu eta zigortu nahi duena. Izan ere, EHLGko lehendakariaren zigorra eta elkartearen izen aldaketa ez ezik, prefetaren salaketak EHLGren helburuak eta izaera bera ere bazituen jomugan. Alta, oraingoan arrazionaltasuna gailendu zaio absurduari -estatu arrazoiak sarri erdiesten duen absurduari-.

Estatuek ere, ordea, halako epaiketa politikoetan nolabaiteko arriskua izaten dute. Ez da kartzelatzeko arriskua, baina bai batzuetan, kasu honetan bezala, beren erruduntasuna agerian geratzearena. Atzokoan, Berhokoirigoinen -epaituaren- absoluzioak frantses Estatua errudun eta inoiz baino deitoragarriago agerrarazi zuen. Prefetak edo Estatu frantsesaren beste edozein arduradunek ez dute kartzelako zorua zapalduko, inork ez du erruduntasun hori zigorrean ordainduko, baina euskal laborarien beharrak ez asetzearen errudun, are gabeziak ordeztea eragoztearen errudun ere agertu dira, lehendik jendaurrean eta orain auzitegietan ere bai. EHLGk lehen bazituen izateko eta aurrera egiteko hamaika arrazoi; orain, berriz, gehiago ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo