Plazara egin du jauzi Euskal Unibertsoak eta Herri aldarrikapenak
Ezina ekinez egina. Horrela zioen EHBEk Euskal Unibertsitatea zer-nolakoa izan behar duen definitzeko baliatutako agiriak. Orain, bost urteren buruan, eginaz gainera, plazara jauzi egiteko prest da Euskal Unibertsitatea izango den horren irudikapen praktikoa.
Oihana LLORENTE
Plazara. Herrira egingo du jauzi bihar Euskal Unibertsoak eta, harekin batera, Euskal Unibertsitatea eraikitzeko premiak eta aldarrikapenak. Bost urte bete ditu Euskal Herriak Bere Eskola-k «etorkizuneko euskal unibertsitatearen irudikapen praktikoa» egiteko asmoz abian jarritako ekimenak eta Hego Euskal Herrian dauden unibertsitate publiko guztiak zeharkatu ondoren, herria izango du agertoki aurtengo edizioak; Eibar, hain zuzen ere.
Arrazoi ezberdinek eraman dute Markeskoa jauregia biharko egunean ikasgela bilakatzera. EHBEko kide den Edurne Larrañagak gogoan izan du UEUk bertan egin zuela 2003ko kongresua eta Euskal Unibertsitatea sortzeko erabakia bertan berretsi zela nabarmendu du. Era berean, «unibertsitatetik herrira eman beharreko saltoa», mahai-gaineratu du eta lau urte unibertsitate eremuan igaro ostean, herritarrei ere parte hartzeko aukera eskaini nahi zaiela eman du aditzera. Asier Lauzurikak, EHBEko kideak ere, argi du Euskal Unibertsitatea sortzen bada «herriaren eta herritarren bultzadaz izango dela» eta hortaz Euskal Unibertsoaren bidez herri aldarrikapena da sustatu nahi dutena.
Herritarren parte-hartzea erakartzeko, gainera, berrikuntzez beteriko egitaraua antolatu dute biharko. Hezkuntza, zientzia eta teknologia berriak, ekonomia, osasun zientziak eta euskal nortasuna izango dira bihar Eibarreko Markeskoa jauregian landuko diren jakintza ardatzak.
Gaurkotasuna eta sakontasuna duten gaiak izango dira, zalantzarik gabe, mintzagai Eibarren eta hitza hartuko duten hizlariak ere alorrez alor sona eta ezagutza handiko pertsonaiak izango dira; Arnaldo Otegi, Abel Ariznabarreta, Joxe Mari Azurmendi edo Ainhoa Etxaide tartean direla.
Egunetik egunera gertuago dagoen Euskal Unibertsitateak, Euskal Herriak eta bertako biztanleriak duten erronkei aurre egin behar diela deritzote herri mugimenduko kideek; finean, gure herriak XXI. mendean dituen «prestakuntza mailako beharrei eman behar die erantzuna eta hori izan behar du bere funtzioa», borobildu du Lauzurikak. Egungo erronkak aintzat hartuz antolatu dituzte saioak eta horrexegatik izango dira eztabaidan lurralde antolaketa, krisi ekonomikoa, Euskal Herriaren erronka politikoak edota hezkuntza.
Ikastaroez gainera, egun osoko egitaraua prestatu dute biharko. «Herrira jauzi egin izana, unibertsitateko sektoreez gain, herritarrei orokorrean eskaintza egitea dakar», sostengatu du Larrañagak eta hortaz, ikasketak, festa eta aldarrikapena ondo uztartu dituzte. Eibarreko kaleetan barrena kalejiran ibiliko dira eguerdi partean eta ondoren, bertso bazkariaz gozatzeko parada izango dute. Kultur ekitaldia ere prestatu dute eta 19.30etik aurrera, Zura, Asier Serrano eta Hudaltzainen eskutik giro aparta egongo da Portalea aretoan.
Etorkizuneko Euskal Unibertsitateko ikasleek ere gozatzeko beta izango dute eta haientzat Haurren Unibertsitatea antolatu dute goizean zehar, etxeko txikiek ere euskal literatura eta Euskal Herria ezagutu dezaten.
Eibarrera bertaratzeko aukera egongo da Iruñea, Bilbo, Gasteiz eta Donostiatik EHBEk antolatu dituen autobusetan, eta hurbiltzeko aukera ez duten horiek Euskal Unibertsoaz gozatzeko aukera izango dute, www.euskaleskola.org helbidean zuzeneko emisioa egongo da-eta.