GARA > Idatzia > Kirolak > Athletic

Fernando Amorebietak Mallorcaren aurka jokatu ahal izango du


GARA | BILBO

Batzordeekin zorte ona izan du Athleticek aste honetan. Astelehenean Lehiaketa batzordeak Markel Susaetari txartel horia kendu ondoren, gauza bera egin zuen atzo Apelazio batzordeak Fernando Amorebietak jasotakoarekin. Atzelariak, gainera, normaltasunez lan egin zuen atzo, partida hartan orkatilan hartu zuen kolpea osatuta.

Biak egongo dira, beraz, Mallorcaren aurka jokatzeko prest. Albiste garrantzitsua jokalari bien kasuan -batez ere eibartarrari dagokionez, David Lopez minduta dagoela kontuan hartuta-, are gehiago hurrengo neurketa horrek zer-nolako garrantzia duen ikusita.

Izan ere, maiatzean lehiatuko denarekin alderatuta, hain desberdina den «final» horri buruz ari dira jo eta ke zuri-gorriak aste osoan Lezamako prentsa-aretoan. Atzo Andoni Iraolari egokitu zitzaion datorren igandekoa partida «garrantzitsua» dela iragartzea. «Oso zaila» ere gaineratu zuen, Atleticen aurkari zuzena izan arren, Mallorca «ondo dagoelako». «Bigarren itzuli honetan behetik gora datoz, puntu asko eskuratuz eta bolada horri jarraipena emateko konfiantzarekin etorriko dira». Athleticek ez dio horri begiratu behar, baina, garaipen asko lortu behar baititu hurrengo asteotan denboraldi amaiera lasaia izan nahi badu. «43 puntutaraino heldu behar dugu eta zenbaki hori lortu arte ez dugu lasai egon behar», onartu zuen Iraolak.

Eta helmugara heltzeko, lehen itzulian egindakoa errepikatuz, usurbildarrak argi dauka zeintzuk izan daitezkeen kontuan hartu beharreko atalak. Arlo guztietan hobetzea komenigarria dela esan ostean, «defentsa lana sendotzea» ezinbestekoa dela nabarmendu zuen, azken jardunaldietan taldeak gol asko jaso baititu. Bigarrena, «konfiantza» da. «Egoera ona ez den arren taldeak konfiantza izan behar du egiten ari den lanean, baita datozen partida hauek aurrera aterako dituela jakin ere».

Lagunartekoak

Hainbat lagunarteko jokatuko du Athleticek Mallorcaren aurkako partida baino lehen.

Lehena gaur bertan, Donibane Lohizunen (18.30) Girondins taldearen aurka. Joaquin Caparrosek gaur goizean erabakiko du zein jokalarirekin ekingo dion neurketari eta gainerakoek Lezaman egingo dute lan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo