GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Kronika | Korrika 16

Euskal Herriko landa zabaletan barrena ekin dio bideari Korrikak

Hasi da 16. korrika! Tuteran, ehunka lagunez inguratuta, atzo arratsaldean ekin zion bere bideari Euskal Herriko hamaika herritan murgilduko den edizio berri honek. «Zailtasunaren itzalpean» ongi asko erakutsi zuten Tuterako euskaltzaleek Erriberan euskaraz bizi nahi dutela.

p002_f03_111x111.jpg

Amaia ZURUTUZA

Tuterako Herrerias plazan, 17.30ean ekin zion Korrikaren 16. edizioak. Alizia Iribarren, Tuterako euskaltegiko irakasle eta Erriberako AEK-ko arduradunak hartu zuen lekukoa Edurne Brouarden eskutik, honek, hamar egun barru Gasteizen ezagutuko dugun mezua lekukoan sartu ostean.

Irteera ordua gerturatu ahala euskaltzale mordoa bildu zen Erriberako herrian, eta bati baina gehiagori igartzen zitzaion poza eta emozioa aurpegian. Izan ere, bertakoei euskaldun gisa bizitzea zer-nolakoa den galdetuta, batek azkar erantzun zuen: «Zaila, arraro begiratzen zaituzte». Bada, atzokoan Tuterako eta Erriberako euskaldunak hunkituta zeuden, jendetza bildu baitzen 17.30erako, eta jendetzaz lagunduta egin baitzituen lehenengo metroak Korrikak. Ez zen oharkabean pasa AEKren ekimen erraldoia. Plaza beteta, Korrikaren berezko petoak soinean ume, gazte nahiz helduek, musika, eguraldi itzela, eta irribarreak han eta hemen. Poza, azken batean.

Aliziaren besoa gorantz luzatuta, ehunka lagun atzean, «Ika, ika, ika... badator Korrika!», «Euskal Herrian euskaraz», «Erriberan ere euskaraz» edota «Sanz entzun, Nafarroa euskaldun» oihuen artean egin zuen aurrera Korrikak lehen metroetan. Ume eta gazte ugari, baita heldu eta gurasoek ere, eta adinean sartuagoa zen jendea ere aurpegian irribarre zabalekin batu ziren Korrikara. Aurrera egin ahala bide bazterrean ikusten ziren arnasestuka jada euren korrikalditxoa bukatu zutenak.

Askok, ordea, aurrera eta aurrera egin zuten. Aliziak Tuterako Argia ikastolako ikasle bati pasa zion lekukoa eta neskatilak pozik zeharkatu zituen herriko kaleak. Jarraian etorri ziren Tuterako Unibertsitateko ikasleak, unibertsitate euskaldun baten aldeko aldarrikapenarekin. Reina Sofia ospitaleko langileek ere hartu zuten lekukoa, eta hala, aurrera joan ahala, eskuz esku aurrera egin zuen Korrikak.

Cascante herrian zuen bigarren topalekua korrikak, eta nahiko osasuntsu zeudela erakutsi zuen lagun taldeak, hutsik egin gabe, bidean aurrera jarraitu zuten.

Eguzkia urrutiko mendixkaren baten atzean desagertzen zihoala eta gaua gerturatu ahala, abestiak dioen moduan Erriberako landen zabaleran barrena, Cadreita, Milagro, Azagra, San Adrian igaroz... aurrera egin zuen Korrikak.

Arrigarai euskaltegia

Tuteran, hasi aurretik ekitaldi xumea burutu zuten Herrerias plazan. Eta funtsean bi mezu zabaldu zituzten: euskaltegien garrantzia eta euskarekiko nahia eta maitasuna. 25 urte ditu Tuterako Arrigarai euskaltegiak eta 1988tik Herrerias plazan du egoitza. Celestino Peralta Caparrosoko euskaltzalearen ezizena darama euskaltegiak, XX. mendean Euskaltzaindiak euskaltzain izendatu ostean, Erriberako lehenengo euskaltzaina izan zena.

Oraingo ikasle nahiz ikasle ohiak igo ziren oholtza gainera eta bihotzez eskertu zioten, kasu honetan, Tuterako euskaltegiari euskara ikasteko eta bizitzeko jaso duten laguntzagatik. Instituzioek, zehazki, Nafarroako Gobernuak ezartzen duen banaketa linguistikoak eragiten dituen oztopoen gainetik AEK-k egindako lana goraipatu zuten.

Erribera aldean euskaraz bizitzeko duten «zailtasunaren itzalpean», euskararekiko konpromisoa berretsi zuten tuterar euskaldunek, eta euskara maite dutenek. Atzo eta gaurko irakasleak ere igo ziren oholtza gainera, eta Aliziak berak onartu zuen hunkituta zeudela, begien aurrean, plaza jendez beteta ikusita.

Aitziber Sarasolak, Nafarroako AEK-ko arduradunak hartu zuen hitza Korrika 16 bidea ekitear zenean, minutu gutxi falta zirenean, eta jada plazan ehunka lagun bilduta zirenean.

Sarasolak gogora ekarri zuen Tutera bazter ugaritatik etorritako pertsona askoren topaleku izan dela, eta, aldi berean, judutar, musulman, kristau eta beste Euskal Herrian sartzeko abiapuntua, azken batean Tutera kolore ezberdinen emaitza da, eta «Tuteran ere euskaraz mintzatu nahi dugu» argi utzi zuen.

Aldarrikatu zuen euskararen kasuan, herriak sarri erakutsi duela hizkuntza berreskuratzeko nahia, «Korrika, izan ere, borondate horren adierazpen grafikoa da». Nafarroako Erriberan ordea euskara ez da ofiziala, eta gogorarazi zuen hizkuntza baten berreskuratzeko bidean hizkuntzaren beraren ofizialtasuna dela lehenengo giltzarria. «Nekez normalduko da edozein hizkuntza, izan txiki, izan handi edo ertain bertako mandatariek bizkar eman eta bertako hizkuntza ofizial aldarrikatzen ez badute», esan zuen. Atzo, ordea, erakustaldi polita egin zuten Tuterako euskaldun eta euskaltzaleek, «Tuteran elkartu gara esateko Erribera euskalduna nahi dugula, Nafarroa euskalduna nahi dugula eta Euskal Herria euskalduna nahi dugula».

Ezinbestean, esker eta omenezko hitzak izan zituen Sarasolak egunero euskara ikasi eta mintzatuz hizkuntzaren alde lan egiten duten milaka lagunentzat, baita euskara irakatsi eta hizkuntzaren balioak iraunarazten lanean dabiltzan ehunka irakasleentzat ere: «Izan dadila beste behin ere Korrika hau zuendako omenaldi, eta nola ez gaur bereziki, Erriberan ari zareten guztiendako».

«Gure hizkuntza hau ez da handiena, ezta gehien mintzatzen dena ere, ez da besteak baino politagoa eta ez zatarragoa. Baina geurea da eta bertakoa da». Halaxe esan zuen Sarasolak. Izan ere, euskara sentimendu kontua baita, barruan sentitzen den zerbait, atzo Tuteran senti zitekeena, herri batetiko, hizkuntza batetiko sentimendua, maitasuna.

Eta hamar egunotan zehar hamaika sentimendu eta momentu goxo eta berezi izango dira gure herrian, korrika, helmuga bakarrarekin: gure herrian gure hizkuntzarekin bizitzea.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo