GARA > Idatzia > > Euskal Herria

AHTren inguruko herri galdeketak egingo dituzte Arbizun eta Lizarragabengoan

AHTren inguruko herri galdeketak deitu ditu Sakanako AHT Gelditu! Elkarlanak Arbizun eta Lizarragabengoan. Herritarren «iritzia entzun eta errespetatu» dadin eskatu zuten atzo kolektiboko kideek.

GARA |

Sakanako AHT Gelditu! Elkarlaneko berrogei bat kidek prentsaurrekoa eskaini zuten atzo Arbizun, bertan datorren maiatzaren 17an izango den Abiadura Handiko Trenaren inguruko herri-galdeketa iragartzeko. Hil horren 10ean Lizarragabengoan ere makroproiektuaren inguruko kontsulta egingo zaie herritarrei. Euskal Herriko beste hainbat herritan gertatu den bezala, oraingoan Nafarroako bi herri horietako biztanleek izango dute hitza eta boza.

AHT proiektuaren aurkako taldeak 316 herritarren sinadurak bildu dituzte, herriko erroldaren %40tik gora eta etxe gehienetan, %70. «Nahitaezkoa da herritarren iritzia entzutea eta errespetatzea. «Demokrazia herriaren boterea omen da. Bada, horixe besterik ez dugu eskatzen gure sinadurekin. Herritarrek iritzia emateko eskubidea izan dezatela eta horiek erabakitakoa errespeta dadila», aldarrikatu zuten Elkarlaneko bozeramaileek.

Bestalde, Arbizuko Udalari «bere eskuetan dagoen guztia» egin dezan eskatu zioten, «AHTren eraikuntzaren inguruko informazio ahalik eta zabalena emanez, gai honen inguruan eztabaida sustatuz eta herriak bere iritzia eman dezan bitartekoak jarriz».

Kalte ekologikoak eta sozialak

Bozeramaileen hitzetan, herri-galdeketa honen azken helburua, «inposizioen gainetik» herritarren iritzia «entzunaraztea eta errespetatzea» lortzea da.

Zentzu horretan, bai Arbizuko bai Lizarragabengoako bizilagunei maiatzean izango diren herri-galdeketetan parte hartzeko gonbita egin zieten.

Madrilgo, Gasteizko eta Iruñeko gobernuek bultzatzen duten makroproiektuak kalte ekologiko, sozial eta ekonomiko «larriak» ekarriko dituela ohartarazi zuten Sakanako AHT Gelditu! Elkarlaneko bozeramaileek. «Amalurrari konponezinezko kaltea eragiteaz gain, AHTk ez lituzke gaur egungo trafiko eta garraio arazoak konponduko. Sakana bezalako eskualdeak, inkomunikaturik utzi nahi dituzte, lotura hirien artekoa bakarrik izanik eta hori gutxi balitz, haren eragin guztiak larrutik ordainarazi nahi dizkigute», salatu zuten.

Horrez gain, bozeramaileek gogorarazi zuten proiektuaren finantziazioari dagokionez, 5.000 euro inguru kostatuko litzaiokeela nafar bakoitzari; dirua «guztion poltsikotik zuzenean esku pribatuetara joango litzateke». Ildo horretatik, Nafarroako Gobernua «AHTren inguruko egiazko informazioa herritarrei ez iristeko eta eztabaida ezerezean gelditzeko egiten ari den ahalegina», salatu zuten.

316 sinadura

Sakanako AHT Gelditu! Elkarlanak herri galdeketaren aldeko 316 sinadura bildu ditu Arbizuko bizilagunen artean, herritarren erroldaren %40tik gora. Lizarragabengoan 30 sinadura lortu dituzte, erroldaren %80.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo