GARA > Idatzia > > Euskal Herria

EHEk «euskararen aurkako oposiziorik ez» egiteko eskatu dio Osakidetzari Ibaetan

GARA |

EHEk deituta eta «Euskararen aurkako oposiziorik ez, Euskal Herria eraiki» leloarekin, 30 bat lagunek elkarretaratzea egin zuten atzo goizean Ibaetako campusean, Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoko lehenbiziko azterketan. «Datozen hilabeteetan izanen diren 2.600 lanpostu berrietatik 1.402 lekualdatze lehiaketa bidez beteko dira eta horietatik 151ri soilik eskatuko diete euskaraz jakitea», salatu zuten. Heldu den larunbatean, 12.00etan, Barakaldoko BECeko proban lelo berarekin protesta egitera dei egin zieten herritarrei.

Lanpostu berriak sortzea pozgarria izan arren, Osakidetza iruzurra egiten ari dela ohartarazi zuten Euskal Herrian Euskaraz-eko eledunek, «euskaldunon hizkuntza eskubideak urratzen dituztelako». Azaldu zutenez, Lakuak 2.539 lanpostu eskaini ditu Osakidetzan; 1.402 lekualdatze-lehiaketa bidez beteko dira, 407 sortutako lanpostu berriak dira, 230 lan zamatik sortutakoak eta beste 500 erretiro eta bajen aurreikuspenez esleituak. Lekualdatze-lehiaketa bidez esleitzen direnetatik 324 lagunek egiaztatu behar dute euskaraz badakitela, baina horietako erdiak baino gehiagok ekainean dute hori frogatzeko data. Hortaz, lanpostuak esleitzean 151 pertsonak jakin beharko dute euskaraz.

Beste salaketarik ere egin zuten: ehunka lagunek azterketa euskaraz egitea aukeratu zuten eta materiala hilabete eta erdi geroago jaso zuten, «hizkuntza maila eskasean». Medikuarengana jotzean euskaraz aritzeko eskubidea izateko, politiketan hizkuntza horri lehentasuna eman behar zaiola aldarrikatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo