Michael Hudson doktoreak krisia aztertuko du asteartean Sarrikon
Michael Hudson Missouriko Unibertsitateko goi mailako ikerlari eta Wall Streeteko finantza analista Bilbon izango da asteartean Ipar Hegoa fundazioaren eskutik.
GARA |
Zerk eta nork eragiten dute krisia? Zer neurri exijitu behar ditu langileriak? eta antzeko galderei erantzuna bilatu nahian Ipar Hegoa Fundazioak Michael Hudson nazioartean sona handia duen ekonomialari estatubatuarra gonbidatu du Euskal Herrira. Missouriko Unibertsitateko goi mailako ikerlariak hitzaldia eskainiko du datorren asteartean Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko areto nagusian, arratsaldeko seietan.
Michael Hudson doktorea Epe Luzeko Joera Ekonomikoen Ikerketarako Institutuko lehendakaria da, eta berak esan duenez, «ondasunen jabe gehienek zergarik gabe salerosten dute eta metatzen dute aberastasuna».
Oraina eta geroa
Sarrikon eskainiko duen hitzaldian krisiaren inguruko hausnarketa egingo du eta zabaltzen diren alternatiba eta aukerak aztertuko ditu.
Hasiera batean, krisia AEBetako higiezinen burbuila leherketaren eta arrisku handiko hipoteka-kredituen berankortasunaren ondorio finantzarioetara mugatuta zegoela bazirudien ere, nazioarteko merkatuetara hedatu da. Espekulazioan eta iruzurrean oinarritutako finantza-produktuek finantza-sistema bera kolapsoaren muturreraino eraman dute.
Hainbat estatutako gobernuek egoerari aurre egiteko indarrean jarritako neurriek sistema «salbatzea» dute helburu. Diru publiko ugari erabili dute entitate pribatuak salbatzeko eta oraindik horretan ari dira, erakunde horietako hipoteka-erabiltzaileak ahaztuz. Langileria da langabezia, babes sozialaren murrizketa eta lan baldintzen kaskartzea ordaintzen ari dena.
«Wall Streeten merkatu librearen estasian sinesten zutenak `aberatsentzako sozialismoaren' bitartez paradisu- ra altxatuak izan diren bitartean, atzean uzten dira hipotekak dituztenak», adierazi du Hudsonek.
Egungo krisiak ageri-agerian utzi du kapitala gero eta esku gutxiagotan dagoela eta metatzen dela, produktibitatearen mozkinak kapital errentetara bideratzen direla gero eta gehiago eta lan baldintzen prekarizazioa, eta honek guztiak ezaugarri sistemikoa ematen dio krisiari.
Egoera ekonomiko eta soziala izango du aztergai Wall Streeteko finantza analistak eta horren aurrean zabaltzen diren alternatibak ere plazaratuko ditu.
«Ondasunen jabe gehienak zergarik gabe salerosten dute eta metatzen dute aberastasuna», adierazi du Michael Hudson Epe Luzeko Joera Ekonomikoen Ikerketarako Institutuko buru eta Wall Streeteko finantza analistak.