CAI Zaragozaren aurkako neurketa garrantzitsua
Suaren epela eskertzen da, baina ez infernutik datorrena baldin bada
GARA | ZARAGOZA
ACB Ligara igo berri dira CAI Zaragoza eta Bruesa GBC, eta ulertzekoa da bai batak bai besteak jaitsi nahi ez izatea. NBAren atzetik dagoen ligarik garrantzitsuenean egoteak ematen duen epeltasunaren eta infernutik datorren suaren arteko aldea ederki ezagutzen dute biek eta, hala, Zaragozako Felipe Printzea kantxan, 12.30ean, partida ez ezik, gerra ere izango da talde bien artean.
Uneotan azken-aurreko postuarekiko garaipen bakarreko aldea dute talde biek; hots zortzina garaipen batu dituzte, baina donostiarrak aurretik dira aurreneko itzulian Ilunben 77-67 irabaztea lortu zutelako -azken laurden bikain bati eta Bojan Popovicen lanari esker-. Alabaina, azken jardunaldietan, premiak jota, Alberto Anguloren taldeak emaitza hobeak lortu ditu Pablo Lasorenak baino, Colom, Zizic eta Woods fitxatu ondoren batez ere.
Azkenik, Gorka Ramoneda, talde donostiarraren presidente berria, partida ikustera joango da, Miguel Santosekin batera.