Ilievski ez da Murtzian izango
Euroliga ahaztu behar, aurkaria gaiztoa baita
GARA | MURTZIA
Aste gazi-gozoa ahalik eta hobekien amaitzeko parada izango du Tau Baskoniak gaur eguerdian, 12.30etik aurrera, Murtzia ahularen aurka. Vlado Ilievski eta Stanko Barac gabe jokatu beharrak ez du zertan Ivanovicenek beste garaipen bat lortzeko oztopo izan.
Dena den, Bartzelonaren aurkako Euroligako kanporaketa pare bat ahaztea komeni zaio talde gasteiztarrari. Manuel Husseinen taldea ACB Ligako azkenaurreko postuan da uneotan zazpi garaipenekin eta, ondorioz, ez da barkatzeko egongo. Baina ez horregatik bakarrik, azken bi denboraldietan arabarrak galtzaile atera direlako baizik. Velimir Perasovicen aginduetara zeudela, 95-90 galdu zuten gasteiztarrek. Iaz, Neven Spahijaren ardurapean zeudelarik, 88-82 makurtu behar izan zuten burua. Ez da harritzekoa, beraz, asteon Dusko Ivanovicek Murtzia «aurkari gaizto eta arriskutsutzat» jotzea.