Gizarteari so egitera gonbidatzen gaituzten margolan eta eskulturak sortu ditu Agurtzane Anduetzak
Azkaineko Selaruaren Umeak galeriak Agurtzane Anduetzaren lanak aurkeztu ditu. Zugarramurdiko artistak gizarteari eta bere buruari begiratzean arteak erakusarazten dionaren berri ematen du erakusketak.
Idoia ERASO | AZKAINE
Gizarteaz gain, izadia, ingurumena eta nork bere burua begiratzera gonbidatzen du artista zugarramurdiarrak. Agurtzane Anduetzak bere ingurura begiratzen duenean ikusten duenaz gogoeta egiten du artearen bitartez. Horren ondorio dira Azkainen ikusgai diren margolanak eta eskulturak.
«Burmuina mekanismo gisara banatua dago, bi hizkuntza mota hitz egiten ditugu, bisuala eta bestea», azaldu zuen artistak. Ikuspegi hori lanetan argiki adierazia dago, bai margolanetan bai eskulturetan. Artistaren semearen irudia erakusten duen triptikoan esaterako, dikotomia hori eta erdibidea aurkezten ditu. Eskuinean alde bisuala eta poetikoa agertzen da, eta bestaldean gizarteak ezartzen digun alde karratua eta matematikoa. Bi irudien tartean erdibidea agertzen da, haurraren inozentziaren irudi «sanoa». «Behar dira biak nahastu, bien artean sortzen da sormena».
«Nik ez dut mundua aldatu nahi, nik nire mundua aldatzen dut egunero. Bakoitzak bere puska jartzen ahal du», esan zuen artistak. Zoriontasunaren bilatzea puska bezala hartzen ahal bada ere, bere lanak gogoeta egitera bultzatzen duela nabarmendu daiteke.
Eskulturen oinarri dira molde berarekin moztuak izan diren paperezko panpinak irudikatzen dituen buztinezko eskulturak. Gizarteak denak berdin izatera bultzatzen gaituela nabarmendu nahian, panpin horiek kokatzeko moduak gizartearen irudikapen ezberdinak helarazten dituela azaldu zuen Anduetzak: «Antolatzeko moduaren arabera, zentzu bat edo beste bat dute. Esaterako, batean isolamendua irudikatzen ahal da edo bi talde aurrez aurre». Zenbait margotan ere helarazten du hori: «Instalazio handia da, ideia bera lantzen dut. Molde baten arabera egiten gaituzte eta horrekin ibili behar dugu».
Sorginak eta Oteiza
Aberastasun eta sorkuntza garai batean dagoela nabarmendu zuen artistak eta horren erakusgarri da Azkaingo erakusketaz gain, garatzen ari den beste egitasmoa. Sorginen mundua berezkoa du Zugarramurdin bizitzen hamarka urte daramatzan emakumeak. Horregatik Senperen egingo den erakusketaz gain, «Inkisizioari begirada» egitasmoa ere egina du Anduetzak.
Oteizaren filosofiarekin bat eginez ere ari da lanean margolari eta eskultorea. Bartzelonako Euskal Etxean antolatu duten «Oteiza 101» egitarauaren barnean oriotarraren imajinarioarekin bat eginik «konspirazio laborategia» antolatu dute. Anduetzaren esanetan: «Iturri bera dugu denok, Oteizak arteari eta sorkuntzari buruz zituen ideiak irakurtzean gauza bera sentitzen dut».
Lapurdin sorginkeria leporatuta emakume, gizon eta haurrak erail zituzteneko 400. urteurrena betetzen den honetan, Lapurdi 1609-2009 elkarteak sorginei buruzko erakusketa antolatuko du Senpereko Larraldean. Agurtzane Anduetza zugarramurdiarrak bere herriak ongi ezagutzen duen sorginen jazarpena beste behin ere gai hartuta, etxekoandrearen ikuspegia landuko du Senperen.
Kaltetuenak etxekoandreak izan zirela nabarmendu nahi du artistak, eta beraien inguruko instalazio bat sortu du. Beldurra, maitasuna eta arbasoak hartuko ditu solasgai, artearen bitartez.
I. E.